Amador Granadosentzat, Gipuzkoarren Kirolak Saria

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 15a, 07:56

Foru Aldundiak bart Irungo Ficoban ospaturiko Gipuzkoako Kirol Ekitaldian, 2016. urtean zehar eremu honetan nabarmendu diren herritarrak saritu zituen. Gipuzkoarren Kirolak Saria usurbildar bati eman diote; Amador Granados Alkortari. Zorionak! Bera izan da, antolatzaileek sare sozialen bidez asteotan zabaldu duten bozkatzeko epearen baitan, babes gehien jaso duen hautagaitza. Gipuzkoarrek emandako saria da hain zuzen, Amadorrek jaso berri duena. 1.000 euroko saria.

Aurtengoan, udan Rioko Olinpiar eta Paraolinpiar Jokoetan parte hartu zuten 160 kirolari gipuzkoarrak omendu nahi izan ditu Foru Aldundiak. Dakizuenez, Paraolinpiar Jokoetako parte hartzaileen artean usurbildar bat izan genuen; Amador Granados Alkorta. "Brontzea eskuratu zuen pistako txirrindularitzako taldearekin bere hirugarren Paralinpiar Jokoetan, Rio de Janeiron, 50”664-ko denbora eginez", oroitzen dute ekitaldiko antolatzaileek.

Ez zen ordea jasotzen zuen lehen domina. "2008an diploma lortu zuen Pekingo Jokoetan eta Atenasekoetan, 2004. urtean, hamargarren postua lortu zuen". 

Irudiak: Gipuzkoako Foru Aldundia.