Herritzartu Usurbilek kudeatuko du, maiatzaren 7ko galdeketa

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 19a, 09:31

Euskal Herriko beste hainbat txokoetan bezala, Usurbilen ere 2017ko maiatzaren 7rako Gure Esku Dagok iragarritako galdeketa antolatzeko urratsak ematen hasiak gara. Talde sustatzailea, galdeketa kudeatuko duen elkartea eta manifestua aurkeztu zituzten ostiral iluntzean, frontoian ospatu zen jendaurreko ekitaldian. 

Herritzartu Usurbil izena du, datorren maiatza hasieran ospatuko den herri galdeketa kudeatuko duen elkarteak. "Usurbilen ere erabakitze eskubidearen aldeko olatura igo nahi dugu", adierazi du talde sustatzaileak. "Usurbilen ere erabakitzera goazelako", pozik agertu dira. Datozen hilabeteotako lanketa prozesua ordea ez dute bakarrik egin nahi. Herritarrak bidelagun izan nahi dituzte. "Galdeketa aurrera eramateko lan talde zabala osatu nahi dugu. Gonbidatuak zaudete!", adierazi zieten frontoira joandako herritarrei.

Gure Esku Dagok ezagun egindako abestia kantatu zuten herritarrek, baita ekitaldian partaide izan zituen Kantu Taldeko kideek ere. Eta oroimenerako tartea ere egon zen. Gure Esku Dago dinamikak hiru urte eta erdi bete ditu jada. Denbora honetan eginiko ekimenen errepasoa egin ziguten, usurbildarrak erabakitze eskubidearen aldeko hitzorduetan parte hartzen ageri ziren bideo bat proiektatuz. "Usurbilen ere dinamika honen bueltan herritar asko eta asko egon gara elkar hartuta", nabarmendu dute. Besteak beste, "erabakitzeko eskubidearen sozializazioa, kultura demokratikoaren pedagogia, 123 kilometroko giza-katea, ehuntze ariketak, herritarren ahalduntzeak eta herri galdeketen prozesuak" egin dira orain arte. 

Datorren uztailera bitarte, 151 herrietan egingo dira galdeketak; tartean, Usurbilen. 

Manifestua sinatzeko deia

Galdeketarako manifestua ere aurkeztu zuten ostiraleko ekitaldian. Albiste honetan beherago duzue, bere osotasunean. Orain, adierazpen honi ahalik eta babesik handiena ematera gonbidatzen gaituzte Herritzartutik. Sinadura bilketari ekin zioten ostiralean bertan. Adi, datozen asteotan sinadurak biltzeko mahaia jarriko du taldeak. Momentuz egunotan: abenduaren 23, 24, 30 eta 31n. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, frontoi inguruan.

Argibide gehiago jaso edota antolaketa lanetan lagundu nahi duenak, Herritzartu taldearekin hartuemanetan jartzeko bideok ditu:

Ostegunero biltzen dira, 18:30etan Potxoenean.

Facebook: Gure Esku Dago Usurbil

Twitter: @GureEskuDagoU

E-posta: usurbilgureeskudago@gmail.com

HERRITZARTU

Erabakitze eskubidearen aldeko usurbildarron adierazpena

Kronika zelta batek dio boterea ahalmen bat dela, pentsamendua bezain sinplea eta ziurtasuna bezain indartsua. Botererik ez bilatu, dio kronikak, bera etorriko da geuregana, nor garen, nondik gatozen, non gauden eta gure pausoak norantz doazen jakiten dugunean. Zapaltzen dugun Lurra, arnasten dugun Airea, edaten dugun Ura eta berotzen gaituen Sua elkarrekin ari dira leku berezi bat eraikitzen: Bizitza.

Aspaldiko hitzak dira. Baina oraindik pizturik daude, hogeita batgarren mende hasieran ere.

Asko baikara berriro arnasa hartzen ikasi nahi dugunak, taupadei adi, begiz begiko distantzian. Asko gara elkarren arrimura eraiki nahi dugunak eguna, izandakoei leku eginez, datozenak magalean hartuz, unea diseinatuz, nondik, nola, zertarako, norantz. Asko gara, dagoeneko, hizkuntza txikien doinuan −ere− nabigatu nahi dugunak munduko uretan, nik hau horrela esaten dut eta zuk nola? Asko gara, gero eta gehiago, eguzkiaren beroa partekatu nahi dugunak, bizitza ospatuz, jabekuntza ikur hartuta.

 Erabakien aroan gaude. Herritarrok hitza berreskuratu nahi dugu, egokitu zaigunaz jabetzeko, bizi dugunaz hausnartzeko, datorrenaz eztabaidatzeko. Ez dugu nahi inork eman dezan pausoa gure izanean. Ez dugu nahi inork erabaki dezan nola bizi nahi dugun dagokigun aroa.

Ideologia eta sinesmen desberdinetakoak batu gara Usurbilen. Euskal Herriarentzako proiektu ezberdinak ditugu zerumugan eta geure burua izendatzeko orduan ere ez da ñabardurarik falta, baina eskubide berberak estekatzen gaitu, herri modura nahiz nazio gisa: geuk erabaki nahi dugu Euskal Herriaren geroa.

Ez gara bakarrak. Eskozian eta Katalunian pausoak ematen ari dira, dagoeneko, antzeko norabidean.

Erabakiaren aroa iritsi delako. Herritar bakoitza libre jaio delako. Herritar bakoitzak eskubidea daukalako hitzez eta ahotsez bizi den Euskal Herria eraikitzeko.

Hala bada, idatzi hau sinatzen dugunok oinarrizko eskubide demokratiko horren alde egiten dugu, ozenki aditzera emanez: Bat, Euskal Herria bere etorkizuna erabakitzeke duen herria dela. Bi, euskal herritarroi dagokigula erabaki hori hartzea.

Halaber, gure sinaduraren bidez, babesa eta bultzada ematen diogu Usurbilen, maiatzaren 7an, eskubide horren alde egingo den herri-kontsultari.

Herriak hitza hartzeko garaia iritsi da: herritzartu.