Trukea eta berrerabilera, Jostailu Azokaren erdigunean

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 17a, 13:38

Jostailu Erabilien Azoka antolatu du larunbat goiz honetan, Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak. Arrakastatsua izan da aurtengo edizioa ere. Kokagune berria estreinatu dute aurten; Askatasuna plaza. Jende ilara luzea osatu da. Guraso eta seme-alaba guztiak, egunotan azokarako utzitako jostailuak antzeko beste produktu batzuengatik trukatzeko zain ziren.

Kontzientziazio ekimenak

Trukeak, birziklatzeak, berrerabilerak duen garrantziaz jabetzen laguntzen digu urtero, eguberri giro honetan antolatu ohi duten azoka honekin. Aurtengoan gainera, bi ekimen batu dizkio Hitz Ahok hitzordu honi. Batetik, azaroa hasieran Mikel Laboa plazan egon zen hondakinen kaiola Askatasuna plazan kokatu dute gaurkoan. Gogoan izan, kalean, lurrera botatako poltsak biltzen eta kaiola honetan sartzen aritu zirela udal langileak, guztiok ikus genezan, oraindik orain badugula zer hobetua hondakinen kudeaketarekiko dugun jarreran. Aipatu moduan, Askatasuna plazan kokatu dute kubo formako kaiola hau. Ez zen hondakinen faltan.

Honez gain, urte garai honetan, Muxurbil Antzerki Tailerreko kideek azken hilabeteotan landutako antzezlana plazaratzen dute Sutegin. Oraingoan ordea, kultur etxetik Askatasuna plazako azoka gunera irten dira antzerki tailerrekoak. Hain zuzen, jostailuen berrerabilera, trukea, birziklatzea hizpide zituen emanaldi eder askoa eskaini dute. Honatx azokan zehar ateratako zenbait irudi: