Adostasun eske GuraSOS, Foru Aldundiaren egoitza atarian

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 19a, 09:58

Merienda-bilkura jendetsua antolatu zuen GuraSOSek larunbat iluntzean Donostiako Gipuzkoa plazan, sarritan eskatu arren, oraindik ere guraso taldearekin bildu ez den Foru Aldundiko egoitzaren atarian. Pentsa uztailaren 6an egin zioten Diputazioari, biltzeko eta hondakinen kudeaketaren gaiari loturiko prozesu parte hartzaile bat irekitzeko eskaera. Baina erantzunik ez zuten jaso. Bigarren saiakera bat egin zuten abenduaren 2an, eta oraindik ez diete hitzordurik eman. Halere, GuraSOSek ahalegintzen segitzeko konpromiso irmoa du. "Ez gaituzte ikusi nahi, baina ikusiko gaituzte. Ez gaituzte entzun nahi, baina entzungo gaituzte", adierazi zuten larunbateko merienda-bilkuran. 

Horregatik hautatu zuten abenduaren 17ko ekitaldirako, Gipuzkoa plaza. “Foru Aldundiak herritarrak hartu behar gaituztela gogora arazteko da, hau da, hemen gaudela ikusi behar dute, eta gurekin bildu behar direla gure eskaerak kontuan hartzeko. Ez gaituzte entzun baina publizitate kanpainaren bitartez ea erraustegiaren inguruan zalantzarik ba ote dugun galdetzen digute. Ba hain zuzen ere horri erantzutera etorri gara, BAI, zalantzak ditugu eta beraiekin hitz egin nahi dugu aurrez aurre. Baina gaur ere hona etorri gara itxaropen handiarekin, irtenbide bat dagoela sinesten dugulako. Hondakinen arazoak konponbidea badu: adostasuna. Asturiasen eta Nafarroak frogatu dute posible dela. Adostasuna da konponbidearen bidea aukeratzen dugu”, berri eman zuten.

Bide batez, Europak erraustegiaren aldeko apustua egiten ari denik ukatu zuten. “Hori aurreko mendeko bidea izan zen. Etorkizuna erraustegien debeku mailakatua da Europan (2015eko Parlamentuko ebazpena). Europako beste herrialdeetan erraustegiak daudela esatea ez da inolako segurtasunaren bermea. Aurretik herrialde horietan ere amiantoa erabili izan dute eta Europako Komisioak herri horietan amiantoaren ondorioz 500.000 pertsona hilko direla adierazi du. Guk gure bidea egin behar dugu, osasunarentzat eta ingurumenarentzat kalte gutxien ekarriko duena eta adostasun gehien lortuko duena. Ekin diezaiogun beraz elkarrizketari, informazioari, eztabaidari akordio zabal bat lortzeko”, adierazi zuten.

"Elkarrizketaren bidea irekitzea lortu dugu"

Hondakinen afera konpontzeko  bide-orri bat landua eta jendaurrean aurkeztua du GuraSOSek. Badirudi, ekimen hau harrera hobea izaten ari dela. "Dagoeneko EAJ, EHBildu, Podemos, CCOO eta STEILASekin bildu edo biltzekotan da eta asmoa du, PSE, PP, ELA eta LABekin ere biltzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin ere hitzordua lotzen ari da", berri eman zuten guraso taldetik.

Bide orri honen aldeko atxikimenduak biltzen ari dira herriz herri. Dagoeneko hainbat elkarte eta ikastetxeek bat egin dute bide-orriarekin. Baikor da GuraSOS, bide-orriaren sozializazioa izaten ari den harrerarekin. “Oraindik goiz da, baina esan dezakegu elkarrizketaren bidea irekitzea lortu dugula, eta ez da gutxi. Oso itxaropentsu gaude. Lehen erronda hau amaitzean egingo dugu balorazio sakonago bat”, iragarri zuten.

Gabon giroko bilkura

Gabon giro honetan, postalak eta gaztainak banatzen aritu zen GuraSOS larunbateko merienda-bilkuran, Gipuzkoa plazatik igarotzen ari zen jendeari. Haurrentzako gunean, tailerrak edota soka-tira saioa ere izan zen. Guraso taldea laguntzeko errifak ere saltzen aritu ziren.