GuraSOSen ekimen juridikoek, kolokan jar dezakete hilaren 27ko lizitazioa

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 19a, 10:00

Merienda-bilkura ospatu zuen GuraSOSek larunbat iluntzean, Donostiako Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiko egoitza atarian. Hitzorduan zehar, abian dituzten ekimen juridikoen berri eman zuten. 

Abiatu zuten azkena, aurreko astean bertan jarri zuten martxan, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak erraustegia eraiki eta kudeatzeko lanen abenduaren 27ko esleipenaren aurka. Lizitazio hau urgentziaz edo kautelaz etetea eskatu du GuraSOSek Donostiako 3 zenbakiko epaitegian. Honez gain, errekurtsoa aurkeztua du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan. 

Errekurtso hau, lehenago, abuztuaren 29an GuraSOSek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuak hartutako bi ebazpenen aurka gora jotzeko jarritako errekurtsoaren ostean aurkeztu dute. Orduko hartan, batetik, Zubietako erraustegia eraikitzeko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak emandako Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) eta Ingurumen Inpaktuaren Aitorpenaren  (IIA) aurka, eta baimen hura 2010ean emandakoaren luzapena izatearen aurka.

Hiru hilabeteko legezko epea igarota, GuraSOSek berri eman duenez, "inolako erabakirik jakinarazi gabe, usteko ezespena gertatu da, administrazioaren isiltasunagatik". Eta orain, honen aurrean, errekurtsoa aurkeztu du guraso taldeak, EAEko Auzitegi Nagusian. "Idazki berean, GuraSOSek aipatutako salaren aurrean IIA eta BBAren iraunaldiaren kautelazko etete eskaera egin du, berau ez hartzetik gerta daitezkeen kalte konponezinak saihesteko, hots, errekurtso honen eta dagokionean emango den epaiaren betearazpenaren galera, ezin betearazia". 

Errekurtsoak ebatzi arte, hilaren 27ko esleipena debekatua

Donostiako epaitegian eta EAEko Auzitegi Nagusiak "kautelazko neurri hauek eskatze soilak errekurtsoaren objektu den lizitazioaren esleipena debekatzea dakar berekin, harik eta hura ebazten den arte". Are gehiago, ohartarazi dutenez, bi zirkunstantzia hauetako bat gertatuz gero soilik esleitu daitezke erraustegia eraiki eta kudeatzeko lanak abenduaren 27an. "Data hori baino lehenago EAEko Auzitegiak edota Donostiako Epaitegiek epaia ematen badute. Edo bietako batek ere onartu ezean, eskatu dugun kautelazko etetea". 

Baikor ageri dira abian dituzten ekimen juridikoen aurrean. "Nahiz eta horrela nahiko genukeen, benetan zaila ematen du bi organo judizialek epaia data hori baino lehen eman dezaten, are gehiago gabonetako datak gainean ditugula jakinda. Bestetik, errekurtsogileek badute konfiantza auzitegiek onartuko dutela eskatutako etete neurria".

Bide judizialaren gainetik, adostasunarena lehenetsi nahi

Epaitegietara jo duten arren, argi utzi nahi du GuraSOSek. Epaitegiena, "ez da gure bidea. Arazoak ez dira auzitegietan konpontzen". Hondakinen kudeaketaren gaia liskar girotik atera eta arazoa adostasunez konpontzeko eskaera berretsi dute beste behin. "Gure alaba eta semeen arduragatik, gurasoak garelako, auzitegietan lizitazioa bertan behera gelditzea eskatu dugu. Hala ere, guretzat epaitegietakoa azken aukera da. Elkarrizketa eta Adostasunean sinesten dugu, Gipuzkoa elkarrekin gehiago izango denaren itxaropena dugulako. Hori dela eta, abenduaren 27a baino lehen edozein unetan elkarrizketarako bidea irekitzen bada, etenda utziko dugu bide judiziala, beti lehenetsiko dugulako adostasunaren bidea”.