Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldearen batzarra 19:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 19a, 04:15

Astelehen honetarako, abenduaren 19rako deitu dute bilkura arratsaldeko 19:00etan, Sutegiko auditorioan. Nagusiki bi gai jorratzeko deitu dute hitzordua; batetik, San Marko Mankomunitatetik irteteko dagoen aukeraren inguruko informazioa eskainiko da. Bestetik, urriaren 21etik 23ra Usurbilen eta Zubietan erraustegiari buruz eginiko galdeketan herritarrek emandako iritzia ez dute herri borondatearen adierazpen hutsean geratzerik nahi. Usurbilgo Udalak herritarrek emandako hitza defendatzeko konpromisoa hartua du. Usurbildar eta zubietarrek bozken bidez duela bi hilabete erraustegiari emandako ezezko borobila zertan gauzatuko den erabakitzeko, horri buruzko iritzi eta ekarpenak ere bildu nahi dira hilaren 19ko batzarrean.

Deialdi gari

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) abenduaren 27an lizitatu nahi dituen erraustegiko lanen bezpera egunotarako hainbat ekimen deitu dira:

Abenduak 19, astelehena

17:00 Abenduaren 27rako Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deitu duen protesta ekintzaren aurkezpena Donostian.

19:00 Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldearen batzarra Sutegiko auditorioan. Jorratuko duten gaia: San Marko Mankomunitatetik irteteko dagoen aukeraren gaineko informazioa eskainiko da.

Abenduak 22, osteguna

19:00 Usurbilek hondakinen kudeaketa eredu propioa izateko Usurbilgo Udalak egin duen orain arteko lanketaren aurkezpena Potxoenean.

Antolatzailea: Usurbilgo Udala.

Abenduak 27, asteartea

12:00 GHK-k erraustegia eraiki eta kudeatzeko lanak esleitu asmo dituen egun berean, protesta ekintza Donostiako Gipuzkoa plazan, "Erraustegia=heriotza eta zorra, ez gure izenean!" aldarripean. 

Deitzailea: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua.