Elhuyar eta Kabienekoak, Ekonomia Gurea saioan

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 19a, 13:04

Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta, Tokikomek eta eskualdeko hedabideek elkarlanean Ekonomia Gurean saioaren hirugarren atala grabatuko dute bihar Andoaingo Bastero Kulturgunean. Urko Aristi kazetari ezagunak zuzenduta, gaur egungo egoera ekonomikoaz eta etorkizunaz jardungo dute. Ekitaldia irekia da.

Urrian Ekonomia Gurean telebista saioaren lehen atala Bergaran grabatu zuten, eta bigarrena azaroan Zarautzen. Andoaingo saioan, Beterri-Buruntza ardatz hartuta, ekonomiaren gaur eguneko argazkia eta etorkizuneko erronkak izan dituzte aztergai. Bereziki hizpide izango dituzte honako kontzeptuak; berrikuntza, nazioartekotzea, lehiakortasuna, dibertsifikazioa, prestakuntza eta kualifikazioa, lankidetza edota politika publiko egokiak... 

Hirugarren saioa eskualdean

NOAUA! astekariarekin batera elkarlanean aritu dira eskualdeko hedabideak, hots, Hernaniko Kronika, Andoaingo Aiurri eta Lasarte-Oriako Txintxarri. Tokikom euskarazko hedabideen federazioaren aterkipean, ekonomia saioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin egiten da.

Andoaingo Basterokoan Beterri-Buruntzako errealitatearen protagonista diren eragileek parte hartuko dute. Bideo proiekzioak ere izango dira eta Kabiene zein Elhuyarreko kideen ekarpenekin osatuko da biharko solasaldia.

Ekitaldia irekia da. Bihar goizeko 10:30ean hasi eta 11:30ean amaituko dena. Sarrera doakoa izango da. Andoaingo Bastero Kulturgunean.