Donostiatik heldu zaigu azken orduko albistea. Hiriburuko udalean egiten ari ziren osoko bilkuran, erraustegiaren aurkako protesta egiteagatik herritar bat atxilotu dute. Esteka honetan duzue zabaltzen ari diren bideoa:
https://players.brightcove.net/85688294001/r1idvaZF_default/index.html?videoId=5255063992001
Astearte honetan hain zuzen, osoko ohiko bilkura deitua zuen Donostiako Udalak. Besteak beste, jorratzeke zituzten gaien artean, "Artzabaleta" plan berezia onartzekoa zuten. Alegia, Zubietan eraiki asmo duten erraustegiaren lur eremu inguruko hirigintza plana onartzekoa zuten. Plan honi hainbat alegazio aurkeztuak zizkioten, tartean Usurbilgo Udalak. Alegazio guztiak alboratzekoa zen Donostiako Udala. Soilik Usurbilgo Udalak aurkezturiko alegazio bakarra zen onartzekoa. EHBildu eta Irabazi plan honen aurka agertu dira. EAJ, PSE eta PP alde.
50 bat lagun hurbildu dira hiriburuko pleno aretora, erraustegiari aurkakotasuna adieraztera. Bozketa amaieran, birziklatzearen alde daudela adierazi eta ez Zubietan ez beste inon erraustegirik ez dutela nahi adierazteko kartelak eskutan, protesta ekintza egin dute udalbatza aretoan. "Lapurrak" edota "diruaren morroiak" oihukatu diete plana onartu duten alderdiei. Alkate Eneko Goiak eten egin du osoko bilkura, eta EAJ, PSE eta PP alderdietako ordezkariak pleno aretotik irten dira. Aipatu moduan, herritar bat atxilotu dute eta osoko bilkura bertan behera utzi dute. Lekukoek atxilotuak jasotako tratua salatu dute sare sozialen bidez. Dagoeneko aske utzi dute.