Ia 9 milioi euro kostako zaigu usurbildarroi, Zubietan eraiki nahi duten erraustegia

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 20a, 21:00

Begi bistakoa da erraustegiaren gaia herritarren artean sortzen ari den kezka nabaria. Horren adierazleetako bat, bart, Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeak deituta, Sutegiko auditorioko oholtza gainean egin zen batzarra. San Marko Mankomunitatean segi edo ateratzeaz jardun zuten saioan zehar, eta bai erakunde honen barruan jarraitzeak edo erakunde hau uzteak ekar ditzakeen ondorioez.

35 urterako zorra

Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, erraustegiak eragingo digun dirutzaren berri jasotzen duen eskuorriak banatzen dabil etxez etxe. Bertan, Gipuzkoako udalerrien zerrenda ageri da. Udalerriz udalerri, urtero eta hurrengo 35 urteetan hondakinak errausteagatik zenbat ordaindu beharko dugun zehazten dute, hilaren 27rako 12:00etan Donostiako Gipuzkoa plazan deitu duten protesta hitzorduaren berri ematearekin batera.

6.168 biztanle dituen Usurbilen, urteko 246.429,41 euro ordaindu beharko ditugu urtero, 35 urtez. Guztira, ia 9 milioi euro; 8.625.029,37 euro. Buruntzaldean soilik, 100 milioi eurotik gora ordaindu beharko ditugu, datozen 35 urteotan:

Andoainek (14.655 biztanle): 585.509,57 euro urtero 35 urtez. Guztira: 20.492.834,85 euro.

Astigarragak (5.535 biztanle):  221.139,23 euro urtero 35 urtez. Guztira: 7.739.873,14 euro.

Hernanik (19.601 biztanle): 783.116,55 euro urtero 35 urtez. Guztira: 27.409.079,21 euro.

Lasarte-Oriak (18.082 biztanle): 722.428,11 euro urtero 35 urtez. Guztira: 25.284.983,95 euro.

Urnietak (6.198 biztanle): 247.628 euro urtero 35 urtez. Guztira: 8.666.979,90 euro.

Usurbilek (6.168 biztanle): 246.429,41 euro urtero 35 urtez. Guztira: 8.625.029,37 euro.

Horiexek dira udalerri bakoitzak ordaindu beharko lituzkeen diru kopuruak, baldin eta "kostea 1.000 milioi eurotan geratuko balitz. Kostea 1.500 milioi eurotaraino joanez gero, bider 1,5 egin beharko da". Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik aditzera eman dutenez, erraustegiko lanak lizitatu eta kontratua sinatzen denean:

-Udalek ezingo dizkiote hondakinak beste inori saldu edo eman, ezta askoz prezio edo sistema hobeak aurkituta ere.

-Udalentzat zor horren ordainketak lehentasuna edukiko du beste edozein gasturen aurretik, berdin dio gastu sozial edo beste.

-Udalen batek zorretan baleuka zaborren kontratistekiko kuotaren bat, Diputazioak deskontatuko dio bere diru-iturrietatik.

-Udalek ezingo dute aurrekonturik onartu baldin eta GHK-k ez badu segurtatzen errausketaren urteko ordainketak lehentasunez lotuta daudela.

-Kontratua firmatutakoan, udalen batek GHKtik irten nahi badu, ordaindu beharko dio 2051 arte erraustegiagatik onartutako kostua eta alde egiteagatik beste udalei eragindakoak.

-Gipuzkoako udal guztiek urtero ordaindu beharreko kuota ia-ia "eskotean" izango da, %85 biztanleen arabera, %15 bakoitzak sortzen duen zaborraren arabera: hondakin gutxien sortzen dutenek proportzioan askoz garestiago pagatuko dute.