Lagun bat atxilotu zuen Donostiako Udaltzaingoak atzo, hiriburuko udaletxean egiten ari ziren osoko bilkuran. Hamarnaka lagun kartelak eskutan erraustegiaren aurka burutzen ari ziren protesta ekintzaren ostean izan zen. Handik ordu gutxira aske utzi zuten. Lagun honek, tarte horretan bizi izandako lekukotzaren berri eman dio NOAUA!ri.
Donostiako Udalak Artzabaletako hirigintza proiektua onartu zuenean, eta erraustegiaren aurka hamarnaka lagun protesta baketsua egiten aritu ostean, bertan behera utzi zuten osoko bilkura. Atxilotu zuten lagunak aldizkari honi azaldu dionez, Donostiako Udaleko udalbatza aretoan zen bera.
Osoko bilkura bertan behera geratu eta gero, bat batean udaltzain talde bat sartu zen udalbatza aretora eta zuzenean atxilotuarengana gerturatu ziren. Pleno aretotik irtetea eskatu omen zioten. Berak pleno aretoan bertan idenfitikatua izatea eskatu ziela. Aretotik kanpora irteteko ezezkoaren aurrean, udaltzainon artean, aterarazi egin zuten udalbatza aretotik. Lagun batzuk ere irteten ahalegindu ziren, baina atea itxi zitzaien. Barruan zirenak atera ezinik geratu omen ziren. Pleno areto atarira atera, lurrera bota eta eskuburdinak jarri zizkiotela adierazi digu, eta lepotik heldu ziotela, itolarria sentitzeraino. Pleno barruan atera ezinik zirenak kanpora irtetean amaitu zen trantze hura.
Konfeti koloretsuen "erruz"
Gero, udaltzainen autoan sartu eta Easo kaleko egoitzara eraman zuten. Eta handik gutxira aske utzi. Atxilotuaren aurkako salaketaren parteak jasotzen duenez, hitz gutxitan, jaietan erabili ohi diren konfeti koloretsuen jaurtigailu batek eragin zuen guztia. Udaltzaingoak dio, halako tramankulu bat erabili zuela eta konfiskatu ziotela atxilotuari, atxilotuak halakorik egin zuenik gezurtatu duen arren. Eta jaurtigailu hura erabiltzeagatik utzi zutela osoko bilkura bertan behera eta jendea aterarazi zutela, alkatearen aginduz.
Medikuen partea ere hor dago. Atxilotua aske utzi zutenean, medikutara joan baitzen. Eta medikuaren parteak argi dio, traumatismo zerbikala eta itotzen ahalegindu izanaren zeinuak zituen lagun honek. Odol bildudun puntuez betea zuen aurpegia, aldizkari honekin hitz egin zuenean. Itolarria sentitzen ari zenean arnasa hartzeko eginiko ahaleginen ondorioz antza. Eskuburdinak jarri izanaren markak ere bazituen eskumuturretan.
Atxiloketaren unea sare sozialen bidez zabaldu zen bideo batean ikus zitekeen, nahiz argitaratu eta gutxira ikusteko modurik ez zegoen jada.
Datuokin, begi bistakoa, neurriz kanpokoa izan zela, atzo Donostiako Udalean atxilotu zuten herritarrak jaso zuen tratua.
Artzabaletako plan berezia onartu zuten
Atzorako hain zuzen, osoko ohiko bilkura deitua zuen Donostiako Udalak. Besteak beste, jorratzeke zituzten gaien artean, "Artzabaleta" plan bereziaz jardun behar zuten. Alegia, Zubietan eraiki asmo duten erraustegiaren lur eremu inguruko hirigintza plana onartzekoak ziren. Plan honi hainbat alegazio aurkeztuak zizkioten, tartean Usurbilgo Udalak. Alegazio guztiak alboratzekoa zen Donostiako Udala. Soilik Usurbilgo Udalak aurkezturiko alegazio bakarra zen onartzekoa. EHBildu eta Irabazi plan honen aurka agertu ziren. Baina EAJ, PSE eta PP alderdiek duten gehiengoaren babesa jaso zuen proiektuak.
50 bat lagun hurbildu ziren hiriburuko pleno aretora, plan honi eta erraustegiari aurkakotasuna adieraztera. Bozketa amaieran, birziklatzearen alde daudela adierazi eta ez Zubietan ez beste inon erraustegirik ez dutela nahi adierazteko kartelak eskutan, protesta ekintza egin zuten udalbatza aretoan. "Lapurrak" edota "diruaren morroiak" oihukatu zieten aipatu hirigintza plana onartu zuten alderdiei. Alkate Eneko Goiak bertan behera utzi zuen osoko bilkura, eta EAJ, PSE eta PP alderdietako ordezkariak pleno aretotik irten ziren.