Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak, Urbil merkatal gune ondoko bidegorri zatia inaguratu zuten joan den abenduaren 2an, Usurbilgo udalerriko lurretan, Udalak Aldundiari berari lagatako lurretan hain zuzen, eta udalerri honetako Udalari jakinarazi gabe. "Prentsaren bidez jakin dugu inaugurazio horren berri", dio atzo eginiko osoko bilkuran, EHBilduk aurkeztu eta gehiengo osoz onarturiko gai honen inguruko mozioak. Testu honetan, Udala kexu agertzen da, bi erakundeok erakutsi duten jarreragatik. Kexua bai Aldundiari baita Lasarteko Udalari helaraziko diotela iragartzen du testuak. "Usurbilgo herriarenganako errespetua eskatzen dugu. Ez da gizabidezkoa, ez politikoki ezta pertsonalki ere, Usurbilgo lurretan bidegorria estreinatu eta Udalari inolako jakinarazpenik ez luzatzea".
Jokabide honek alderdi interesei erantzuten dio, mozioak aipatzen duenez. "Irekiera hau interes propagandistiko hutsezkoa izan da, alderdi interesei erantzuten diena eta ez herrien interesei". Argi zioen, Xabier Arregi alkateak: "Ez zuten gu argazki horretan agertzea nahi".
Usurbilgo bidegorri zatiak lehenesteko eskaera
Bestalde, gogorarazten du, "Usurbili dagokion bidegorria, Txikierdira arteko zatia izan ezik, egiteke eta planifikatzeke dago oraindik. Gipuzkoako Foru Aldundian sarritan eskatu arren, honek ez die Usurbilgo Udalaren eskariei erantzun. 2013an, Batzar Nagusietako talde guztiek aho batez onartu zuten Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldeko Plan Sektoriala. Horren arabera, zortzi urtetan, urtero 14,5 milioi euro inbertituta, oinarrizko bidegorri-sarea osatu behar zen Gipuzkoan. 2016an inbertsioa 2,3 milioikoa baino ez da izan; eta 2017ari begira aurreikusitakoa, berriz, are txikiagoa da: 1,8 milioikoa. Bidegorri Sare osoa egiteko konpromisoa berresteko eskatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta Usurbilen egiteko dauden zatiei, lehentasun erabatekoa emateko".
Azken puntu hau aparte bozkatzea proposatu zuen PSE-ko udal ordezkariak. Puntu honen aurka agertu zen. EAJ abstenitu zen, eta alde agertu zen EHBildu. Mozioko gainerako puntuek udal taldeen aho bateko babesa jaso zuten.
Udal taldeak elkarlanerako prest
Desadostasuna eragin zuen mozioko puntuaren inguruan jardun zuten, testua bozkatu aurretik, atzoko osoko bilkuran. Puntu horretan, Usurbilgo Udalak Aldundiari udalerri honetako bidegorri zati osoa eraikitzeko konpromisoa eskatzen dio, egiteke eta planifikatzeke dagoelako. Proiektu honekin "aurrera egiteko asmorik ez dugu ikusi" zioen alkateak. Honen inguruan, PSE-ko ordezkari Fermin Oruek zioenez, 2013an Batzar Nagusietan aho batez onarturiko plan honen baitan, 2017an Lasartetik Txikierdira doan zatia eraikitzekoa dela adierazi diote Aldunditik. Eta Txikierditik Santuenerako zatia, 2018-22 urte artean egitera konprometitua dago Aldundia.
Gobernu taldetik, PSEko ordezkariak eginiko lana eta eskainitako informazioagatik eskertu eta aurrera begira, Aldundira elkarrekin joatea proposatu zuen alkateak. Planteamenduak babesa jaso zuen oposiziotik.
Bidegorri-sarea ia geldirik, Eguzkiren esanetan
Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmo honetara bideratu beharreko diru kopurua nabarmen murriztu duelako, bidegorri-sarea, Usurbilgo bidegorria tartean, ia guztiz geldirik dagoela gogorarazi du Eguzki Talde Ekologistak, NOAUA!ra helarazi duen oharraren bidez. 2016an 2,3 milioi euroko inbertsioa bideratu dela eta 2017an 1,8 milioi euro inbertitu nahi direla. Martxa honetan, “8 urte ez, 50etik gora beharko dira "oinarrizko" sarea osatzeko”, dio Eguzkik. Panorama honetan, foru ordezkariek bizikletaren erabileraren alde esandako hitzak eta ekintzak ez datozela bat adierazi dute talde ekologistatik.
Irudia: Lasarte-Oriako Udalaren web orritik hartua.