2009az geroztik hondakinen bilketa eredu propioa martxan du Usurbilek; gaikako bilketa %28 ingurutik %80tik gorako mailara arte igoarazi duen atez atekoa. Udalerri hau aitzindari bihurtu zuen, hondakinak era arduratsuagoan kudeatzeko apustu hark. Orain urrats berri bat eman nahi du Udalak; erraustegia alboratu eta udal baliabideekin hondakinak herrian bertan tratatzeko dauden aukerak aztertu nahi ditu. Hau da, Usurbilek hondakinak tratatzeko eredu propioa izateko lanketa betean da Udala. Uztaila amaieran eginiko osoko ohiko bilkuran erabaki zuen bide hau jorratzen hastea; erraustegia alboratu eta “Usurbil 0.0” izeneko egitasmo berri hau bideratzeari ekitea hain zuzen.
Ordutik, azterketa batzorde bat eratu du, Usurbilen sortu eta bildutako hondakinak, udal baliabideekin herrian bertan tratatzeko dauden aukeren gaineko lanketa egiteko. Behin behineko dokumentu bat prestatu du Udalak eta dokumentu hauxe mahai gainean jartzera doa, ostegun honetarako, abenduaren 22rako antolatu duen jardunaldi egunean. Iritziak trukatu eta ekarpenak biltzeko, hainbat teknikari eta aditu ezagun gonbidatu dituzte Potxoenean ospatuko den saiora.
Hiru hilabeteko prozesua
Udalak hain zuzen, ez baitu bide hau bakarrik jorratu nahi; bidelagun izan nahi ditu, herritar, eragile eta adituak. Ostegunean, aditu, herritar eta eragileen aurrean aurkeztuko duten dokumentua, iritzi eta proposamenekin hornitu nahi dute. Hilaren 22ko saioa, lanketa horren guztiaren abiapuntua izango da. Prozesua hiru hilabetez luzatuko da.
Tarte honetan bildutako ekarpen eta proposamenekin, behin betiko dokumentua osatu eta hau ere jendaurrean aurkeztuko du Udalak. Aurkezpenerako ez dute edozein egun hautatu; martxoaren 16a. Atez ateko bilketa abiatu zeneko 8. urtemuga eguna hain zuzen.
Udaletik NOAUA!ri adierazi diotenez, egitasmo hau eredu izateko jaio da eta Europatik datozen zuzentarauek agintzen dutenarekin alderatuta, haratago doa. Argi adierazten du, erraustegiko lanen lizitazioa ate joka izan arren, “hemen ez da dena amaitzen”. Bada oraindik erraustegia alboratu eta jorratzeke dagoen bide alternatiboa.
Abenduak 22, osteguna, Potxoenean:
09:00-12:00 Adituen iritzi trukaketa Potxoenean. Gonbidatuen artean:
Joan Marc Simon, Zerowaste Europe-ko zuzendaria.
Ramon Plana, Hondakinen tratamendu biologikoetan aditua.
Ignasi Puig, Ent environment aholukaritzako proiektuen koordinatzailea.
Gorka Bueno, Ainhoa Iraola eta Dani Zuazagoitia, EHU-ko Ingenieritza eskolako ordezkariak.
Olaia Mendoza, Birzitek enpresako ordenaria.
12:00 Solasaldia hedabideekin.
19:00 Herritar eta eragileei zuzenduriko jendaurreko aurkezpen ekitaldia Potxoenean.
Martxoak 16, osteguna
Behin betiko planaren aurkezpena.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.