Energia berriztagarrien, eta energia autohornikuntzaren eremuan hainbat bizilagunek urratsak emanak dituzte Zubietan. Bide honetan sakontzera doaz orain. Zubietako Herri Batzarra, Lanbide Eskolarekin elkarlanean, eta Donostia zein Usurbilgo Udalen oniritziarekin, Zubietan bertan sortutako energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko zer aukera dauden aztertzera doaz, eta horren baitan urrats praktikoak eman asmo dituzte.
Horretarako, gutxi barru hasita, hiru fase ezberdinetan banatutako energia plan bat garatu nahi dute. Lehenik eta behin, Zubietan bertan zenbat energia sortu daitekeen jakiteko, zubietarrek zenbat kontsumitzen duten jakin behar. Hau guztia argitzeko, kontsumo energetikoaren gaineko diagnosia landuko du Lanbide Eskolak, 2017. urte hasieratik Zubietako Kaxkoan; ur kontsumoa, elektrikoa edota termikoa zenbatekoa den aztertu nahi dute, “nola murriztu edo hobetu dezakegun”, bai herri erdiguneko etxebizitza partikularretan, bai ikastetxeetan, baita jarduera ekonomikoren bat burutzen duten eraikinetan ere.
Doako aholkularitza, atez ate
Gune guztiotara bisitak egin asmo dituzte proiektu honen sustatzaileek. Laginketa bat prestatu dute eta jada “badakigu zenbat eraikin bisitatu behar ditugun. Herritarrak animatzea falta zaigu”. Baimena ematen duten herritarren bizileku edota lantokiak bisitatuko dituzte eta energiaren eremuan, zer egoeretan dauden ikusi. Herritarrek bide batez, gai honen inguruko doako aholkularitza jasotzeko aukera izango dute; kontsumo fakturak nola interpretatu, zer hobetu edo nola aurreztu dezaketen ikasi... Bisitok proiektu honen sustatzaileentzat baita herritarrentzat ere, “aberasgarriak izan daitezkeelakoan gaude”.
Lanketa tekniko hau, herritarrei zuzenduriko sentsibilizazio, formakuntza eta parte hartze prozesu batekin uztartuko dute. “Ikusten genuen interesgarria izan zitekeela, herriari landutako plan bat aurkeztu beharrean, herria hasieratik plan horren lanketako partaide izatea”, adierazi digute.
Erakundeak eta herritarrak elkarlanean aritzeko aukera izango dute beraz hasieratik. Lehen diagnosi hau prest denean Zubietako herriari aurkeztuko zaio. Eta segidan bigarren faseari ekingo diote; energia sorkuntzaren inguruko lanketa bideratuko dute. Bertan, Zubietak energia herrian bertan sortzeko zer gaitasun duen aztertuko dute. Sustatzaileek energia berriztagarrien aldeko apustua egin nahi dute, baina argi diotenez, gai honetan guztian herritarrek izango dute azken hitza. Fase hau ere herritarrekin ondu eta hortik aterako den diagnosia ere zubietarrei aurkeztuko zaie.
Bi diagnosion ostean, Zubietarako energia plana prestatzea izango da hurrengo urratsa.
“Oso kontzientziatua dagoen herria dugu”
Zubietak garatu asmo duen energia plan honetarako teknikari bat kontratatuko du Zubietako Herri Batzarrak. Berak egingo du, batetik egitasmoaren inplikatuak dauden erakundeen arteko bitartekaritza lana, eta herritarrei zuzenduriko sentsibilizazio eta kontzientziatze ekimenak dinamizatuko ditu, aholkulari lanak egiteaz gain.
Proposamena Lanbide Eskolatik jaso zuten Herri Batzarrean. “Urte asko daramagu energiaren alorrean lan asko egiten. Zubietako herria oso egokia da bere orografiagatik, etxeen tipologiagatik, energiaren inguruan lanketa handi bat egiteko, energia burujabetzaren bidean pausoak emateko”, adierazi digute Lanbide Eskolatik.
Ez horregatik bakarrik. “Ekimen berritzailea da honako hau. Zein toki hobea Zubieta baino, energia lortzeko beste modu batzuk badaudela erakusteko. Herritarrak hainbat pauso emanak dituzte. Zubieta oso kontzientztiatua dagoen herria dugu”, azpimarratzen dute Lanbide Eskolatik.
Energia plan hau garatzeko baliabide faltarik ez dute bertan; urteetako esperientzia eremu honetan, alorreko enpresekin hartueman zuzena, eta gaiotan trebatzen ari diren ikasleak ere inplikatzeko aukera egongo da.
Gai honen gaineko argibide zehatzak emateko batzar orokorra deitzekoa da Zubietako Herri Batzarra asteotan.