Euskara eta euskaraz oparitzeko, produktu katalago berria kalean

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 22a, 06:39

Kalean da jada “adinez nagusi” izatera heldu den 18. Euskarazko Produktuen Katalogo berria. Eguberriotan opariak egiteko gida ezin egokiagoa, 140 bat udal eta mankomunitateetako Euskara Zerbitzuek landu dute. Elkarlan horretan parte hartu du baita, urtero moduan, Usurbilgo Udalak. 125.000 ale banatu dira asteotan Hego Euskal Herri osoan. Iaz baino 5.000 ale gehiago. Haietatik ehunka katalogo, Usurbilgo ikastetxeetan.

Musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala biltzen ditu gidak. Web orrian dagoen eskaintzaren hautaketa bat. Eskaintza osoa, atalka sailkatutako 6.000 produktu baino gehiagoren erreferentziak noiznahi kontsulta ditzakezue, katalogoa.eus atari eraberrituan. Papereko edizioak bezala, diseinua estreinatu du atariak, errekurtso gehiago ditu, tabletean ikusteko egokitua dago, eta produktuak bilatzea errazagoa da orain.

Bi ataletan banatuko da web orria aurrerantzean, 0-12 eta 12-16 urte artekoei zuzenduriko produktu eskaintza zehatzekin, esteka interesgarriekin, sare sozialetan jarraipena egiteko aukerarekin…. Papereko edizioa pdf formatuan jaitsi edota nobedadeen berri ematen duen buletin elektronikora harpidetu daiteke. Haur eta gaztetxoei zer oparitu asmatu ezinik bazabiltza, hementxe duzu tresna ezinhobea. Oparitu euskara eta euskaraz eguberriotan.