"Usurbil 0.0" aurkeztu dute, hondakinen kudeaketa eredu integralerako bide-orria

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 23a, 13:17

Aditu ospetsuen babesarekin, erreferentziazkoa eta egingarria izan nahi duen bide-orria aurkeztu zuen atzo Usurbilgo Udalak; "Usurbil 0.0". Udalerri honek hondakinen kudeaketa eredu integral baterantz bidea jorratzen lagunduko duen egitasmoa. "0.0 ereduaren bitartez, urrats bat gehiago eman nahi da. Erabili eta bota oinarri duen ekonomia lineal batetik, hondakinak lehengai bihurtzen diren ekonomia zirkular baterantz iristea da helburua", dio Udalak.

Behin behineko dokumentua da ostegun honetan plazaratu dutena. Orain hasi eta martxora bitarte, datorren hiruhilekoan alegia, herritar, eragile eta adituen ekarpenekin ondu nahi den prozesu baten hasierako dokumentua. Martxoaren 16an aurkeztuko dituzte ordura arte eginiko lanketaren behin betiko ondorioak. 2023. urtera begirako helburuak finkatzen ditu, hedabideon aurrean aurkeztu zuten dokumentuak. 

Plazaratu duten behin behineko dokumentua prozesu baten abiapuntua izan arren, egitasmo hau ez da hutsetik hasten. Gogoan izan, herri hau aitzindaria dugula Euskal Herri mailan; gaikako bilketaren ehunekoa irauli zuen atez atekoa martxan jartzen lehena izan genuen 2009an. Oso balorazio positiboa egiten du Udalak, atez atekoak urteotan izan duen ibilbideaz. "2008. urtean hondakinak era arduratsuagoan kudeatzeko aitzindaritza hartu zuenetik, Usurbilek hainbat aurrerapauso eman ditu norabide horretan. 9 urteren ondoren, usurbildarrek argi eta garbi helarazitako mezua jasoz, Usurbilgo Udalak bere hondakinen kudeaketa integrala garatu dezakeen aztertuko du programa baten bitartez", dio Udalak.

"Usurbil 0.0" egitasmo berri honek, herrian sortutako hondakinak herrian bertan tratatu eta berrerabiltzeko bidean sakontzeko dauden aukeren gaineko azterketa jasotzen du. "Balizko egoera horren azterketa tekniko, ekonomiko zein juridiko ezberdinak egin eta lehen ondorio batzuk atera ditu. Halere, ondorio horiek nazioarteko hainbat aditurekin eta usurbildarrekin partekatu nahi ditu, ahalik eta era osatuenean egin asmoz", diote Udaletik. Hondakinen kudeaketa eredu propio bat garatzea planteatzen dute. Eredu ere izan nahi duena Gipuzkoako beste udalerrientzat.

Egitasmoak bat egiten du guztiz zero zabor filosofiarekin. Baina zero horrek zero gehiago izatea nahi dute beste eremuetan. Hortik,  bide-orriari jarri dioten izena; "Usurbil 0.0". Hondakinak kudeatzeko alternatiba jasangarri eta ekonomikoa eskaintzen du, ingurumen eta osasuna errespetatzen ditu.

"Usurbil 0.0", bide-orria

Parte hartuko duten agenteak:

-Ramon Plana Gonzalez-Sierra: biologian doktorea eta hondakin organikoen tratamenduetan aditua.

-Ignasi Puig Ventosa: "Ent" ingurumen aholkularitzako proiektuen koordinatzailea.

-Joan Marc Simon: Zero Waste Europe erakundeko zuzendaria.

-Gorka Bueno/Ainhoa Iraola/Dani Zuazagoitia: EHU-ko Ingenieritza Eskolako ordezkariak.

Programa honek lorgarritzat dituen "Zeroak":

-0 hondakin birziklagarri gaika bildu gabe: "Ez dadila birziklagarria den ezer ondo jaso gabe gelditu".

-0 hondakin birziklagarri aprobetxatu gabe: "Ez dadila xahutu materialki birziklagarria den ezer".

-o hondakin biodegradagarri zabortegian.

-0 hondakin desmaterializatu edo erraustu.

-0 hondakin ekonomia zirkularretik at.

-0 defizit zerbitzuan.

Ikuskera horren oinarrizko ezaugarriak:

-Herritarrak ahalduntzea.

-Eginkizun eta arduraren dimentsio kolektiboa indartzea.

-Ingurumena eta osasuna lehenestea.

-Azpiegitura makro eta erraldoien ordez, azpiegitura doitu eta eskalagarriak sortzea: "Tokiko konponbideak arazo globalei".

2023rako helburuak

-Usurbilgo hiri hondakinen sorrera %10 murriztea.

-Usurbilen sorturiko biohondakina herrian konpostatu eta erabiltzea (700 tona biohondakin inguru).

-Hiri hondakinen %90a gaika biltzea.

-Zabortegian isurtzen diren hondakinak inerteak eta gehienez ere %5 material biodegradagarri izatea.

-Hiri hondakinen bilketa eta tratamendu zerbitzuaren defizita 0 izatea.