Atzo aurkeztu zuten hondakinen kudeaketa eredu propioa garatzeko bide-orriak, "Usurbil 0.0" egitasmoa lantzeko prozesuak, aditu ospetsuak izango ditu bidelagun, herritar eta eragileekin batera. Adituok atzoko jardunaldietan parte hartu zuten. Han zen Joan Marc Simon, Zero Waste Europe erakundeko zuzendaria. Erakunde honek, Usurbil ere kide izan eta zero zabor izendapena duten 400 udalerriko sarea osatua du Europa mailan. Usurbil abiatzera doan egitasmo berri honekin, aipatu zuenez, Europak 2030. urterako finkatzen ari den helburuei aurre hartuko die udalerri honek; lehenago, helburuok 2023. urterako betetzea aurreikusten baita. Udalerri hau Europa mailan praktika onen esperientzia moduan, jarraitu beharreko eredu gisa ezagutzen da. Interesgarria da bere ustez, hemen egiten gabiltzana kanpoan ezagutzera ematea eta kanpoan egiten dena gure artera ekartzea; "praktika onak lotzea erabilgarria izan daiteke".
Simonek lankide izango du baita prozesu honetan, Ignasi Puig, "Ent" ingurumen aholkularitzako proiektuen koordinatzailea. "Plan honek elementu berritzaileak izango dituela aurreikusi dezakegu", zioen atzoko aurkezpenean. Usurbil, hondakinen sortzez besteko sistema martxan jartzen aitzindarietakoa dela gogorarazi du. Estatu mailan 7 bat udalerrik soilik emana baitute pauso hau. Beste udalerrietako esperientzia ekartzen ahaleginduko dira. Puigek harridura agertu zuen, hondakinen kudeaketa, "gai oso politizatua" dagoela eta. Katalunian ibilbide luzeagoa du atez atekoak, eta han, hondakinen kudeaketa "inoiz ez da izan eztabaida politikorako gaia", zioen.
Usurbilgoa, esperientzia praktiko, eredugarri eta hezigarria
Ramon Plana, biologian doktorea eta hondakin organikoen tratamenduetan aditua dugu. Berak aurreratu zigun, egitasmo berri honen etorkizuneko erronketako bat; herrian bildutako zati organikoa lehengai gisa baliatzea gero udalerrian bertan, herriko ekoizleek. Kontuan hartzeko moduko mezu argigarri bat ere helarazi zigun; "ez zarete jabetzen, zuen udalerritik zer ari zareten helarazten". Adibide moduan aipatu zuen, iaz gure artean izan genuen Galizako erakundeetako ordezkaritza bat. Eredugarri iruditu zitzaien Usurbilgo esperientzia eta egun, konpostatze egitasmoen aldeko apustua egiten dabiltza.
Euskal Herriko Unibertsitateko Ingenieritza Eskolako ordezkaritza batek ere parte hartuko du Usurbilek hondakinen kudeaketa eredu propiorantz jorratuko duen bide honetan; Ainhoa Iraolak, Dani Zuazagoitiak eta Gorka Buenok. Bueno, Potxoeneko aurkezpen saioan izan zen atzo. Ezaguna du udalerri hau, "klasikoan" bihurtu baita beretzat, ikasleekin Usurbilgo esperientzia ezagutzera etortzea. "Asko ikasi dut Usurbilen", adierazi zuen. Eta hala egiten segi nahi du, ikuspegi akademikotik bere ekarpena egiteaz gain, prozesu hau ere baliatu nahi baitu, unibertsitate barruan duten lan talde bat laguntzeko ere. Hain zuzen, ekonomia zirkularraren edota prebentzio dinamiken inguruko doktore-tesi bat burutzen dabiltza. Usurbilgo esperientziak, "kasu praktiko batekin lan egiteko aukera emango digu".