Usurbilen erosteak, sariak eta beherapenak dakartza urte amaiera honetan

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 23a, 09:21

Abenduan zehar Hurbilago Elkarteko kide diren establezimenduetan erosketak egiten badituzu adi. Saltzaileak emango dizkizun txartel zenbakituak ondo gorde abenduaren 31ra arte. Urteko azken egunean, ospatuko den Hurbilago San Silvestre Herri Lasterketa amaieran hiru sari zozketatuko baitira, eta haietako bat zurea izan daiteke; telebista, bizikleta edota herriko produktu ederrez hornituriko saskia.

Erosketak egiterakoan gainera, hau guztia gutxi ez eta, beherapenak izan ditzakezue. %10eko deskontua, Usurbilgo txanpona erabilita. Txanponak behar badituzue, Ivan Perez argazki estudioan edo Santueneko Esnaola janari dendan eskura ditzakezue urtarrilaren 5era arte. Bezero bakoitzak asko jota 10 txanpon erosi ahalko ditu, %10 merkeago, 9 euro ordainduta.

Saltokietan erosketak egiterakoan bestalde, ondo erreparatu lokaletako erakusleihoei. Udazken honetan, Hurbilago Elkarteak antolatu duen Argazki Lehiaketara aurkeztu diren 50 irudirik onenak ikusgai izango dituzue eta.

Herri lasterketarako izen ematea

Urtea lagun artean, jai giroan kirola eginez agurtu nahi duenak, orain du 7. Hurbilago San Silvestre Herri Lasterketan izen emateko garaia. Hurbilago Elkarteko saltokietan edo hurbilago.com atarian sartuta bidera daiteke inskripzioa, doan. Lasterketa, abenduaren 31n abiatuko da arratsaldeko 17:00etan frontoi ingurutik. Herri ostalaritza eta merkataritza suspertzearen aldeko kirol ekimena Kaxkoaren bueltan ospatuko da. Herri erdiguneari bi itzuli eman eta frontoian amaituko da. Eta gero, Gabonetako Zozketarekin batera, Hurbilago Elkarteko kide diren establezimenduen hainbat opari zozketatuko dira, lasterketarako izena eman eta ekimenean parte hartu dutenen artean. Opari guztiok ikusgai dituzue jada, Sutegiko erakustaretoan.

Tipi-Tapa, urtarrilaren 15ean

Saltokiek bakarrik ez, lan faltarik ez dute izango egunotan Hurbilagoko tabernariek ere. Ezta eguberrien ostean ere. Kale giroa biziagotzeko jada bi azoka egin dituzte azaroan eta abenduan. Hileroko ekimen honi urtarrilaren 15ean helduko diote berriz. Kasu honetan, aldaketarik ez bada behintzat, munduko janarien inguruko pintxo festa ospatuko dute tabernetan, aurreko denboraldietako Tipi-Tapa formatuan.