Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, erraustegia eraiki eta kudeatzeko lanak esleitu eta zerbitzu hau datozen 35 urteetarako esku pribatuetan utziko duten egun berean, astearte honetarako, abenduaren 27rako mobilizatzera deitu gaitu Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Hitzordua, hilaren 27an, eguerdiko 12:00etan Donostiako Gipuzkoa plazan finkatu dute, Foru Aldundi atarian. "Dei egiten diegu gipuzkoarrei, bai agintari, ordezkari politiko eta herritarrei, erraustegi kriminal hau eta lapurreta izugarrizko hau onartu ez dezaten", adierazi zuten duela astebete agerraldi bidez, protesta ekintza berri honetako deitzaileek.
Mobilizatzeko arrazoiak bat baino gehiago direla nabarmendu zuten. Batetik, "erraustegia oso kaltegarria dela osasunarentzat. Horretan medikuek lan asko egin dute eta saiatu dira gizarteratzen zer kalte dakarzkion erraustegi batek osasunari". Gaineratu zutenez, Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko erraustegia ez da beharrezkoa. "Bada urte mordoxka bat, Usurbilek abiatuta eta ondoren hainbat herri, bilketa txukun bat egiten hasi zirela, gaikako bilketa on bat. Pertsonako eta urteko une honetan, 50-60 kilo besterik ez gara sortzen ari, bilketa ondo egiten ari garen herrietan", zehaztu zuten.
Eta protestarako arrazoi hauei, erraustegiak gipuzkoarroi ekonomikoki suposatuko diguna erantsi behar zaie. "Badakigulako honek ekonomikoki izugarrizko kostea suposatuko digula gipuzkoarroi. 35 urterako zorpetuko gaituela, eta lepotik helduta geratuko garela zor horrekin, eta ez da justua, ez da bidezkoa. Zor guztiz ilegitimo bat izango da. Zor hori ordaintzeko udalek lehentasunezko gastutzat, beste edozein gasturen aurretik ipini beharko dute diru kopuru hori. Hernaniarrok adibidez, 800.000 euroko gastua izango dugu urtero, 50 kilo sortzen dugun herritarrak izanda. Badira herriak 300 kilo sortzen dutenak, ez dutelako bilketa txukun bat egiten", azpimarratzen dute.