Andoaingo Ipar Haizea erraustegiaren aurkako herri plataformak deitu du, herritarren haserrea adierazteko astelehen honetarako mobilizazioa. Astearterako, 12:00etan Donostiako Gipuzkoa plazan antolatua dagoen protesta ekimenarekin ere bat egin dute. Eta hilaren 27ko hitzordu honetara ere herritarrei haserrea adierazteko gonbita luzatzen dute, argitara eman duten ohar honen bidez:
IPAR HAIZEA PLATAFORMAREN OHARRA
Haserre gaude!!
Abenduaren 27an GHK eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariek kontratista pribatuen esku utzi nahi dituzte Gipuzkoako hondakin guztien kudeaketa 2051 arte. HORREGATIK KONZENTRAZIOA DEITU DUGU ANDOAINEN ABENDUAREN 26AN 19:00TAN ZUMEA PLAZAN
35 urtez gipuzkoarrok 1.500 milioi euro pagatuko genituzke gure zaborrak erretzeagatik. Deloitte auditoriaren informeetan azaldu denez
Klausula hauen bitartez, beste batzuen artean, blindatzen ditu errausketaren konpainiak zor horien ordainketa:
- Udalek ezingo dizkiote hondakinak beste inori saldu edo eman, ezta askoz prezio edo sistema hobeak aurkituta ere.
- Udalentzat zor horren ordainketak lehentasuna edukiko du beste edozein gasturen aurretik, berdin dio gastu sozial edo beste.
- Udalen batek zorretan baleuka zaborren kontratistekiko kuotaren bat, Diputazioak deskontatuko lioke bere diru-iturrietatik.
- Udalek ezingo dute aurrekonturik onartu baldin eta GHK-k ez badu segurtatzen errausketaren urteko ordainketak lehetasunez lotuta daudela.
- Udalen batek GHK-tik irten nahi badu, pagatu beharko dio 2051 arte erraustegiagatik onartutako kostua eta alde egiteagatik beste udalei eragindakoak.
- Gipuzkoako udal guztiek urtero ordaindu beharreko kuota ia-ia “eskotean” izango da, %85 biztanleen arabera eta %15 bakoitzak sortzen duen zaborraren arabera: hondakin gutxien sortzen dutenek proportzioan askoz garestiago pagatuko dute.
Hau astakeri bat da. Herri askotan lortu da sortzen den errefus kopurua 60 kg urteko eta pertsonako baino gutxiago izatea. Orain 2051 arte hipotekatu nahi dituzte Gipuzkoako Udal guztien aurrekontuak, 250 kilotik gora errefus sortzen dituzten herriekin pentsatutako erraustegi bat eraiki nahi dutelako. Zergatik ez da erraustegia baztertzen eta gaikako bilketa eraginkorra bultzatzen herri horietan?
Jendearen osasuna eta ekonomia lehenestea eskatzen dugu eta, honenbestez, Gipuzkoako erraustegia baztertua izan dadin. Aurten, Nafarroak eta Asturiasek uko egin diote errausketari. Gipuzkoak zergatik ez?
Horregatik guztiagatik abenduaren 27an Donostian izango gara Diputazio aurrean erraustegiaren aurka protesta egiten. Andoain 3km-tara geratzen da eta eragin eremuaren barruan dago, gure herria zuzenki kaltetau izango delarik. Horregatik dei egiten dugu eguerdiko 12tan Diputazio aurrera joan gaitezen gure haserrea adieraztera.