7. Hurbilago San Silvestre Herri Lasterketan parte hartzeko izena, aurrez eman

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 24a, 08:00

Ohi bezala, Hurbilago Elkarteko saltokietan edota hurbilago.com atarian sartuta bideratu ahalko da abenduaren 31n ospatuko den herri lasterketarako izen ematea. Urtea lasterka bizian agurtu nahi duenak beraz, presta dadila. Herriko ostalaritza eta merkataritza suspertzearen aldeko kirol ekimena, abenduaren 31n, arratsaldeko 17:00etan abiatuko da frontoi ingurutik. Eta amaieran, urtero moduan, Hurbilago Elkarteko kide diren taberna eta saltokien eskutik, opari mordoa zozketatuko da parte hartzaileen artean.

Une horretan bertan ospatuko da baita, Hurbilagoren Gabonetako Zozketa. 3 sari zozketatuko dituzte; telebista eta bizikleta eder bana, eta Usurbilgo produktuez hornituriko otar bat. Opariok Sutegiko erakustaretoan dituzue ikusgai. Eta esandakoa, abenduaren 31n zozketatuko dituzte. Zozketan parte hartzeko, Hurbilago Elkarteko kide diren establezimenduetan egin erosketak. Trukean, zozketarako txartelak jasoko dituzue.