Lagun eta familiak biltzen diren egun seinalatu honetan, aulki edota mahai hutsik bada ehunka etxeetan. Eta haiek, gure artean falta ditugun preso, iheslari eta deportatuak gogoan izan ditu "Kalera, kalera" ekimenak, Usurbilgo frontoian egin berri duen ekitaldi berezi baten bidez. Irudiotan ikus dezakezuen moduan, jan edanerako aulki eta mahaiez bete dute pilotalekua. Baina aulki eta mahai guztiok hutsik ziren. Hala irudikatu nahi izan dute eguberri egun honetan, "kartzeletan dituzten 350 gizon emakumeen ausentzia, exilioan eta deportatuak dauden dozenaka lagunen ausentzia".
Ekitaldian parte hartu duten lagunek adierazi moduan, egunerokoa da falta direnen hutsunea, "baina egun hauetan gehiago". Eta nabarmendu dutenez, "egun hauetan are mingarriagoa suertatzen da, etxeko kide bat falta denean". Horregatik, preso, iheslari eta deportatuak gogoan hartu nahi izan dituzte abenduaren 25 honetan, baita, haien senide eta lagunak ere.
Bakerik ez, justiziarik eta askatasunik gabe
Gaurko egunez, mundu osoan hitz egiten da bakeaz, baina askok, besteak beste, "gerrak antolatzen dituzten presidenteek, arma fabriketako lehendakariek, haurrak esklabotzan dituztenek", "zinikoki, maltzurki". Argi utzi dute, "bake hori ez dugu nahi". Gogorarazi dutenez ez dago inon bakea eraikitzerik, "ez bada askatasunaren eta justiziaren gainean". Horregatik ezin egokiagotzat jo dute, "Kalera, Kalera" ekimenak duen leloa: "bakea eta askatasuna irabaztera". "Hemen falta ditugun gizon emakume horiek hori sinistu dutelako egin dute eta egiten ari dira ibilbide hori guztia. Duten guztia ematen, herri honek bestelako etorkizuna izan dezan. Preso, deportatu eta iheslari ohiok oso ondo dakigu hori eta herritarrengana helarazi nahi genuen mezu hori", adierazi dute.
Preso, iheslari eta deportatu denak etxeratzeko ahalegin guztiak egingo dituztela adierazi dute, "ez dadin gertatu, datorren urtean, eta hurrengoan, eta hurrengoan, ausentzien mahai hauen presentzia tristea eta mingarria antolatu beharra". Bide batez, gogoan hartu nahi izan dituzte eta bat egin, "munduan sufritzen ari diren gizon emakume guztiekin"; besteren artean, Palestinako presoekin, Kurdistango borrokalariekin... eta oro har, "munduan zehar gizarte berri bat, mundu berri bat ireki nahi duten guztien ahaleginarekin".
Kalera Kalera! Bakea eta Askatasuna irabaztea!
Abenduak 27, asteartea
19:00 Hitzaldia: "Gatazkaren ondorioak: zenbakiak eta irizpideak".
Hizlaria: Iñaki Egaña (Euskal Memoria fundazioa).
Zehaztasunak: "Kontakizunaren guneak garrantzia handia hartu du. Dagoeneko, hurbileko historia, ezagutzen dugunez, azalean dago oraindik orain. Etorkizunari begira, bistan da ez dela kontakizun bakarra egongo. Halere, kontakizuna eraiki behar da, geurea, nazioarteko irizpideen harira, giza eskubideen urraketen arabera. Guk, egia eta bakearen bila aritzen garen bitartean, kontakizun hori gure datuekin, gure zenbakiekin, gure lekukotasunen testigantzekin, bete behar dugu. Orain arte emandako urratsak eta hartutako irizpideak, baita marko kronologikoari dagozkiona ere, izango dira hitzaldi honen helburuak".
Abenduak 28, asteazkena
12:00 Gazteen agerraldia.
19:30 “Kartzela eta literatura”:
-Mahai-ingurua: Jokin Urain “Kixkur” idazlea eta preso ohia; Olatz Altuna Zumeta preso ohia…
-Errezitaldia: Jose Luis Otamendi, Kattalin Miner…
Abenduak 29, osteguna
12:00 Agerraldi politiko musikatua frontoian.
19:00 Mahai-ingurua: “Emakumeak patriarkatuaren kartzeletan preso”.
Parte hartzaileak:
• Maria Ruiz Torrado antropologo feminista. "Kartzela genero-erakunde bezala: genero-bereizkeriak, erresistentzia-praktikak eta agentzia Euskal Herrian espetxeratutako emakumeen artean"; deritzon doktore tesiaren egilea. Kartzela egitura ikuspegi feministatik aztertu du.
• Oihana Etxebarrieta Legrand. Senide izandakoa, feminista eta ikerlaria. “Erlazio afektibo sexualak espetxe garaian askatasun (g)une? Hainbat euskal emakumeren esperientziak” ikerketaren egilea. Espetxea tarteko duten bikote harremanak aztertu ditu euskal preso politikoen kasuan.
• Mertxe Galdos Arsuaga. 20 urte egin ditu kartzelan eta horietako 7 erabat bakartua eta isolatuta Malagako kartzelan. Isolamendu egoera horren kontakizuna egingo du.
• Dinamizazio eta aurkezpen lanetan Olatz Dañobeitia Ceballos.
Abenduak 30, ostirala
18:00 Euskal Herriko Mugimendu Feministaren eta eremu anitzetako feministekin asanblada.
20:30 Amaiera ekitaldi animatua frontoian.
Abenduak 31, larunbata
Goizean, Martuteneko espetxera martxa. Lehen zutabea 11:00etan abiatuko da Hernaniko Zinkoeneatik eta bigarrena, 11:30etan Egiako epaitegitik."Helburua, euskal preso politikoen kaleratzea eskatzea izango da eta, honekin batera, gure berotasuna helaraztea une berezi honetan euskal presoen kolektiboari, “Kalera, kalera” abestuz eta kandelaren sugarrarekin".
20:00 Brindisa: "presoen aldeko gabon zaharreko Brindisa".
Urtarrilak 1, igandea
12:00 Eguberrietako kontzertua Kaleragunean: Aitor Furundarena eskusoinuarekin.
Eskualde mailako deialdia: Adarra gailurrera mendi martxa, euskal preso eta iheslarien alde.
08:30 Xoxoka ostatuan biltzeko hitzordua.
10:30 Ekitaldia Adarra mendiko gailurrean.
Ekitaldiaren ostean, argazkia presoen aldeko ikurrekin.
Urtarrilak 2, astelehena
18:00 Xabier Amurizaren hitzaldia Potxoenean: “Bertsolaritza eta kartzela”.
19:00 Zamoran preso egon ziren abadeen hitzaldia Potxoenean: “Gogorkeriaren aurkako gogortasuna” GOGOR Taldea.
Urtarrilak 3, asteartea
18:30 Allur Dantza taldearen emanaldia.
Urtarrilak 4, asteazkena
18:30 Umorea Ekaintxou pailazoaren eskutik.
Urtarrilak 6, ostirala
19:00 Kalejira erraldoia Donostiako Kontxako Badian: kandeladun giza-katea. "“Kalera, kalera! Bakea eta Askatasuna irabaztera!” lemapean, urtarrilaren 6an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Haizearen Orraziatik Oteizaren Paseo Berriko eskulturara bitarte egingo dena. Kalejira erraldoia izango da".
Urtarrilak 7, larunbata
21:00 Kontzertu erraldoia: "Sorpresaz beteriko kontzertu erraldoia (Abeslariak bertsolariak,....)".
Urtarrilak 8, igandea
Kaleragunearen itxiera.
Informazio gehiago:
Facebook: Kalera kalera
Twitter: @kalera_kalera
Antolatzailea: Kalera Kalera! ekimena.