Alejandro Tapia margolaria hil da

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 26a, 11:34

Hortxe duzue azken aldiz argazki batean erretratatu genuen unea. Pasa den urriaren 21ean erraustegiaren inguruko herri galdeketan izan zen, Aginagako mahaian bozkatzen ikusi genuen. Partaide soilik ez, galdeketa hartako Berme Batzordeko kide ere bazen, beste zenbait herritarrekin batera. Tapia, herritar konprometitua zen adierazgarrietako bat honakoa. 

Baina Alejandro, beste eremu batean dugu berez ezaguna; sorkuntza lanean. Artista ezagun eta handia genuen aginagarra. Eskulturak, koadroak, grabatuak, denetariko sortze lanak egin ditu urte luzeotan. 1930eko azaroaren 26an jaio zen. Zaharberritzaile bezala hasi zen lanean, aldi berean, aire liberan margotzen aritzen zen. Gipuzkoako Artisten Elkartera joaten hasi zen. Munduan barrena hainbat txokotara bidaiaturikoa da Alejandro. Ur taldea sortu zuen, Javier Arocena, Carlos Bizcarrondo eta Jose Gracenea sortzaileekin batera. 1974ra arte, hainbat erakusketa antolatu zituzten elkarlanean. Gerora ere bere sortze lanak erakusgai izan ditu hainbatetan; Euskal Herrian gehienbat. Nahiz atzerrian ere ezagutzera eman dituen bere artelanak. Aginagan, Eliza Zaharrean, 2008ko urrian antolatu zuen lehen erakusketa, "Gordeta ditudanak", bere ibilbidean zehar eginiko sortze  lan ugarirekin. Hainbat sari ere jasotakoa da Alejandro. 

Hileta gaur izango da, Aginagan

Tapia larunbatean hil zen. 86 urte zituen. Gorputz beila Errekaldeko Vascongada Ehorztetxean egongo da astelehen arratsaldeko 16:00ak arte. Alejandroren aldeko hileta elizkizuna astelehen arratsalde honetan izango da, 19:00etan Aginagako Asisko San Frantzisko parroki elizan.