Aginaga, Tapiaren inspirazio iturri

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 27a, 13:02

2008ko udazkenean, erakusketa ipini zuen Aginagako eliza zaharrean. Sei hamarkadetako margolanak batu zituen bertan. Erakusketa profitatuz, Tapiak berak egindako eskultura inauguratu zuten Aginagan. Inaugurazioa omenaldi bilakatu zen. “Gordeta ditudanak” erakusketa iragartzeko, elkarrizketa hauxe egin genion NOAUA! aldizkariko 340. zenbakian (2008ko urriaren 17an).

 

NOAUA! “Gordean ditudanak” izeneko erakusketan inoiz ikusi gabeko margolanak jarriko dituzu erakusgai?

Alejandro Tapia. Denetarik dago. Batzuk lehenago jarritakoak dira eta beste batzuk ez. Ehunka koadro ditut salduak, mila akaso. Baina ibilbide guztiko garai desberdinetako lanak ditudanez, tartean orain arte gordeta egon diren asko, horregatik jarri nion izenburu hori. Ez baitira ezagutzen.

 

Erakusketan zeure margolari ibil- bidea ikusi ahal izango da, artista baten eboluzioa. Zerk markatu du eboluzio hori?

T. Hasieran oso koadro figuratiboak ditut. Inpresionismoaren eragina nabari da. Gero, ez dakit asko ohartuko diren zer mugimendu dauden, baina badago eboluzio bat hasieratik azkeneko hamar urteotara. Margolari guztiei gertatzen zaie, logikoa da. 62 urte biltzen baitira erakusketan, hamabost urterekin hasi eta orain arte. Hor derrigor behar du eboluzio bat. Lehengo pintoreetan ere eboluzioa ikusten da. Batzuk apurtzaileak izan dira, horregatik ez ziren ulertu ere egin, 40 urte beranduagora arte. Mugikorra izan behar du arteak. Badira artistak hasi bezala bukatzen dutenak. Hori ez dut ulertzen.

 

Paisaiak nagusitzen dira zeure margolanetan, ezta?

T. Paisaia izan da gehien landu dudan gaia. Eskola garaitik beti eman izan dit paisaiak halako zirrara bat. Paisaietan ere eboluzio bat izan dut. Baina figura asko ere egin ditut. Denbora bat izan nuen, paisaiak eta figurak nahasten nituena, figurak paisaia barruan sartuta. Urrutitik margotzen hasi arren, gerora pixkanaka objektuetara bertaratzen hasi nintzen. Orain ostera, paisaia alderantz noa.

 

Natura eta Aginaga. Aginagako natura, margotzeko zeure txokoa al da?

T. Asko, errio alde hori. Itsasoa baino askoz gustukoagoa dut ibaia. Ibaiko islatu horiek. Artista bati kokatzen den tokiak eragiten dio, norbera bizi eta bilatzen ibili den lekuak.

 

62 urteko ibilbidearen ostean, gelditzen al zaizu bide berririk esploratzeko?

T. Beti dago zeregina. Mila urte bizi beharko banu ere, zeregina izango genuke. Bilatzeko gogo hori beti izaten da, ez da sekula bukatzen.

 

Zeure margolari biografia nola hasi zen?

T. Autodidakta naiz. Aurrena jaio egin behar da gaitasun horrekin eta gero, borroka handia egin. 15 urterekin hasi nintzen paisaiak marrazten, kanpora ateratzen. Gero Madrilera joan nintzen eta han ere tailer batean aritu nintzen. Handik beste tailer batera igaro nintzenean, Donostian antolatu ohi zen eguberrietako txapelketa garrantzitsuan parte hartu nuen. Lehen saria eskuratu nuen. Aitzakia horrekin lana utzi eta margolaritzara dedikatu nintzen.

 

Artista batek inoiz pentsatzen al du erretiroan?

T. Ez. Askok galdetzen didate ia margotzen jarraitzen ote dudan, segituko ez dut ba. Ez dakite zer garrantzia duen. Nola utziko dut ba? Afizioz egiten duen batek, utzi lezake. Baina barrutik sentitzen duen batek ezin lezake utzi.

 

Arteak garai latzak bizi izan zituen urteetan mugitu zinen zu?

T. Garai latzetan egindako pinturak. Orain ere. Duela 50 urte ez zegoen informaziorik. Mapak egiten ote genituen galdetzen zuten. Jende askok pentsatzen zuen orduan, denbora pasa aritzen ginela. Lanik ez egiteagatik. Egun batean Abaltzisketan zelai batean margotzen ari nintzela, ondoko etxean bizi zen neska bat etorri zen. Erdaraz galdetu zidan ia margotzen ari ote nintzen. Eta nik, euskaraz baietz erantzun nion. Aitonarengana joan zen gero. Aitonak zertan ari nintzen galdetu zion. Neskak margotzen ari nintzela erantzundakoan, aitonak zer egin handirik ez nuela izango esan zuen. Orduan, bilobak isiltzeko eskatu zion, euskalduna nintzela. Bukaeran, gauzak hartu eta haien paretik pasatzean agurtu nituen, aitonak zer esan ez zekiela.

 

Gaur egun ere, artea oso urrun bizitzen jarraitzen dugu?

T. Ez da margolaria ulertzen. Ez lehen ezta orain ere. Jende gehiago dakienak badira. Ez da margolaria izan behar, gaia ulertzeko. Inpresionista frantziarrek Parisen erakusketa bat jarri zutenean, eskandalua eragin zuen. Gaur egun, jendeak gustukoa du inpresionismoa. Denborarekin, urteekin iritsi egiten zaio jendeari.

 

Igandeko omenaldia dela eta, aginagarrekin pozik izango zara?

T. Estimatzekoa da. Urduri samar jarriko naiz egun horretan.

Alejandro Tapiaren gustukoenak

Margolana

“Asko ditut eta oso zaila da. Koadro asko saldu ditut pena handiarekin”.

 

Margotzeko lekua

“Hemengo paisaia. Beste tokietara irten arren, hemen bizi garelako edo”.

 

Gaia

“Natura”.

 

Kolorea

“Urdina, argia eta iluna, biak erabiltzen ditut. Okrea eta more pixka bat ere, ukituetarako gorria”.

 

2008ko urriaren 17an, NOAUA!ren 340. zenbakian argitara emana.

 

Oharra: Bideoa sarean topatu dugu, Iñigo Kintanaren Vimeo kanalean. 2008. urtekoa da bideo erreportajea, Alejandro Tapia (1930-Aginaga-Gipuzkoa) artistari egininikoa. Musika: AIR