Euskal Herria Bildu koalizioak Madrilgo Diputatuen Kongresuan duen ordezkaritzaren bisita jaso dute, Usurbilgo Kaleragunean itxialdian direnek. Marian Beitialarrangoitia plazako karpa gunera gerturatu da. "Usurbila etorri gara, elkartasuna adierazi eta parte hartzera, presoen gaiak urgentziazko irtenbide bat behar duela ulertzen baitugu eta hori posible izan dadin, denok inplikatu beharra dugu tokatzen zaigun heinean".
Beitialarrangoitiak zioenez "Espainiako Gobernutik ezin dugu askorik espero". Lehen eskutik jakin eta entzuten dute Madrilen, aipatu gobernuak ez duela presoen gaia konpondu eta bake eskenatoki iraunkor baten alde inplikatzeko borondaterik. Aldiz, euskal herritarren inplikazioak, zioen, blokeo egoera hau gainditu eta bakean eta konponbidean aurrerapausoak ematea ekar dezake, EHBilduko parlamentariaren esanetan, azken egunotako Luhusoko atxiloketek eta atxiloketon aurrean, gizarteak emandako erantzunak argi utzi duten moduan. Gai honetan inplikatzen segitzea eskatu dio euskal gizarteari, eta haiek ere Madrilen blokeo egoera honi aurre egiten segiko dutela aditzera eman du. Bide batez, Sare mugimenduak urtarrilaren 14an Bilbon deitu duen manifestaziora joateko deia egin du.
Bigarren bisita astebetean
Koalizioko ordezkari gehiago izan ziren bisitan duela astebete baita. EHBildu eta EHBai koalizioetako ordezkaritza bat gerturatu zen abenduaren 19an Dema plazako karpagunera. Ekimenari eta bertan parte hartzen ari zirenei babesa adierazi zieten.
Presoen etxeratzea gizartearen gehiengo zabal baten eskaera zela zioten, eta erakundeek eskaera hau bideratu behar dutela gogorarazi. “Gure ekimen instituzionalaren bitartez, babesa bilatu behar diogu presoen etxeratzeari. Bultzada politiko eta instituzionalaren bitartez, indarra egin behar dugu etorkizun hurbil batean presoen eskubideak errespetatuak izaten daitezen”, zioten. Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera "makurra" salatu zuten. “Espetxe politikan ez dute inolako urratsik eman nahi. Egia da, gobernuek dute giltza presoen egoera hobetzeko. Giltza hori ez badute erabili nahi, guk palanka egingo dugu. Gizartearen palanka aktibatuko dugu. Bide judizial eta legalen palanka erabiliko dugu. Palanka politikoarekin, palanka instituzionalarekin eragingo dugu”, adierazi zuten. Adostasun sozial, politiko eta instituzionalak bilatzeko deia egin zuten. Presoak "objektu" bezala tratatzetik "subjektu" bezala tratatzera igarotzea eskatu. EPPK-ren prozesua babestu zuten.
Irudia: EHBildu.
Bisita hau, atzo egin zuten mahai hutsen ekitaldi sinbolikoaren ostean dator. Aste honetarako hitzordu ugari iragarri dituzte Kaleragunean:
Kalera Kalera! Bakea eta Askatasuna irabaztea!
Abenduak 27, asteartea
19:00 Hitzaldia: "Gatazkaren ondorioak: zenbakiak eta irizpideak".
Hizlaria: Iñaki Egaña (Euskal Memoria fundazioa).
Zehaztasunak: "Kontakizunaren guneak garrantzia handia hartu du. Dagoeneko, hurbileko historia, ezagutzen dugunez, azalean dago oraindik orain. Etorkizunari begira, bistan da ez dela kontakizun bakarra egongo. Halere, kontakizuna eraiki behar da, geurea, nazioarteko irizpideen harira, giza eskubideen urraketen arabera. Guk, egia eta bakearen bila aritzen garen bitartean, kontakizun hori gure datuekin, gure zenbakiekin, gure lekukotasunen testigantzekin, bete behar dugu. Orain arte emandako urratsak eta hartutako irizpideak, baita marko kronologikoari dagozkiona ere, izango dira hitzaldi honen helburuak".
Abenduak 28, asteazkena
12:00 Gazteen agerraldia.
19:30 “Kartzela eta literatura”:
-Mahai-ingurua: Jokin Urain “Kixkur” idazlea eta preso ohia; Olatz Altuna Zumeta preso ohia…
-Errezitaldia: Jose Luis Otamendi, Kattalin Miner…
Abenduak 29, osteguna
12:00 Agerraldi politiko musikatua frontoian.
19:00 Mahai-ingurua: “Emakumeak patriarkatuaren kartzeletan preso”.
Parte hartzaileak:
• Maria Ruiz Torrado antropologo feminista. "Kartzela genero-erakunde bezala: genero-bereizkeriak, erresistentzia-praktikak eta agentzia Euskal Herrian espetxeratutako emakumeen artean"; deritzon doktore tesiaren egilea. Kartzela egitura ikuspegi feministatik aztertu du.
• Oihana Etxebarrieta Legrand. Senide izandakoa, feminista eta ikerlaria. “Erlazio afektibo sexualak espetxe garaian askatasun (g)une? Hainbat euskal emakumeren esperientziak” ikerketaren egilea. Espetxea tarteko duten bikote harremanak aztertu ditu euskal preso politikoen kasuan.
• Mertxe Galdos Arsuaga. 20 urte egin ditu kartzelan eta horietako 7 erabat bakartua eta isolatuta Malagako kartzelan. Isolamendu egoera horren kontakizuna egingo du.
• Dinamizazio eta aurkezpen lanetan Olatz Dañobeitia Ceballos.
Abenduak 30, ostirala
18:00 Euskal Herriko Mugimendu Feministaren eta eremu anitzetako feministekin asanblada.
20:30 Amaiera ekitaldi animatua frontoian.
Abenduak 31, larunbata
Goizean, Martuteneko espetxera martxa. Lehen zutabea 11:00etan abiatuko da Hernaniko Zinkoeneatik eta bigarrena, 11:30etan Egiako epaitegitik."Helburua, euskal preso politikoen kaleratzea eskatzea izango da eta, honekin batera, gure berotasuna helaraztea une berezi honetan euskal presoen kolektiboari, “Kalera, kalera” abestuz eta kandelaren sugarrarekin".
20:00 Brindisa: "presoen aldeko gabon zaharreko Brindisa".
Urtarrilak 1, igandea
12:00 Eguberrietako kontzertua Kaleragunean: Aitor Furundarena eskusoinuarekin.
Eskualde mailako deialdia: Adarra gailurrera mendi martxa, euskal preso eta iheslarien alde.
08:30 Xoxoka ostatuan biltzeko hitzordua.
10:30 Ekitaldia Adarra mendiko gailurrean.
Ekitaldiaren ostean, argazkia presoen aldeko ikurrekin.
Urtarrilak 2, astelehena
18:00 Xabier Amurizaren hitzaldia Potxoenean: “Bertsolaritza eta kartzela”.
19:00 Zamoran preso egon ziren abadeen hitzaldia Potxoenean: “Gogorkeriaren aurkako gogortasuna” GOGOR Taldea.
Urtarrilak 3, asteartea
18:30 Allur Dantza taldearen emanaldia.
Urtarrilak 4, asteazkena
18:30 Umorea Ekaintxou pailazoaren eskutik.
Urtarrilak 6, ostirala
18:30 Kandeladun giza-kate erraldoia Donostiako Kontxako Badian, Donostiako Haizearen Orraziatik Oteizaren Paseo Berriko eskulturara bitarte.
Urtarrilak 7, larunbata
21:00 Kontzertu erraldoia: "Sorpresaz beteriko kontzertu erraldoia (Abeslariak bertsolariak,....)".
Urtarrilak 8, igandea
Kaleragunearen itxiera.
Informazio gehiago:
Facebook: Kalera kalera
Twitter: @kalera_kalera
Antolatzailea: Kalera Kalera! ekimena.