EHBilduk, Podemosek, Ezker Anitzak eta Equok erraustegiaren lizitazioa geratzea eskatu dute

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 26a, 14:03

EHBilduk, Podemosek, Ezker Anitza-IUk eta Equok erraustegiaren lizitazioa geratzea eskatu dute, astelehen goiz honetan egin duten agerraldi bateratuan. Gogorarazi dutenez, erraustegia tramitatzen hasi baino ez dira egin, baina geratu daiteke eta zero labor filosofian eta ekonomia zirkularraren ereduan sakondu. Gaineratu dutenez, erraustegia eraikitzea aurreikusia dagoen denbora tarte honetan, Europako parametroetan oinarrituta, azpiegitura alternatiboak eraiki daitezke.

Maiatzaren 11n aurkeztu zuten erraustegiaren aurkako eta ekonomia zirkularraren eta zero zabor filosofiaren alde adostu zuten akordioko puntuekin bat egiten segitzen dutela berretsi dute. Elkarrizketarako deia egin diote EAJ eta PSE agintean dituen Gipuzkoako Foru Aldundiari. 

4 helburu

Erraustegiaren aurkako eta ekonomia zirkularraren eta zero zabor filosofiaren aldeko akordioak lau helburu ditu: hondakinak murriztea; birziklatzea eta berrerabilera sustatzea; hondakinei erraustegia ez den bestelako tratamendu bat ematea; eta I+D+I bultzatzea, hondakinen arazoari irtenbide berriak bilatzeko. Hondakinentzat konponbide integral, eraginkor, malgu, jasangarri eta herritarren osasun eta ingurumenarekiko errespetuzkoa izango dena proposatzen dute.

Erraustegia geratu daitekeela, horretarako aukera guztiak aztertzen dabiltzala zioten. Gipuzkoak erraustegirik ez duela behar gogorarazi zuten, erraustegiak, ingurumen eta osasunerako kalteak ekarri eta gipuzkoarrak hurrengo 35 urtetarako hipotekatuko dituela. Bide batez, hondakin tasetan eman den gorakada ere salatu zuten. Erraustegiaren finantziazioari lotu zuten.

Gipuzkoako Foru Aldundiari hondakinen inguruko diagnosia berriz egitea eskatu zioten, egungo prognosia okerra delakoan. "Irreala da eta artifizialki puztuta dago", adierazi zuten.

Ingurumen baimena gaurkotu arte, proiektua bertan behera uzteko eskaera

Eskaera hau Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari zuzendu dio egunotan EHBilduk. "Zehazki Arriola Jaunari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Ingurumen Baimen bateratua gaurkotu eta indarrean egongo den bat izan arte proiektua bertan behera gelditzeko agindu diezaiola GHKri", diote. "Egoera honen larritasuna ikusirik", gai honen inguruko argibideak ematea eskatu dizkiote Iñaki Arriola ingurumen sailburuari.

EHBilduk dio GHK eta Aldundia jakitun direla esleipen honekin aurrera jarraitzeak izan ditzakeen ondorio juridikoez, eta Jaurlaritzari arduraz jokatzeko eskatzen diote, "eta Diputatu Kontseiluari abisu eman diezaien irregulartasunak daudela, irregulartasun horiek Proiektua ezin exekutatzera eraman dezaketela eta administrazioaren erantzukizun patrimoniala egon daitekeela. Erantzukizun hori, noski azkenean herritarrok ordaindu beharko dugu".

Gogorarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzak erraustegiari emandako 2010eko apirilaren 23ko ingurumen barmen bateratua "iraungita dago. Ezin da ez luzatu ezta moldatu ere".

Irudia: EHBildu.