Astearte honetan, abenduaren 27an, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) erraustegiaren lizitazioa bertan behera uzteko GuraSOSek Donostiako administrazioarekiko auzietarako 3. epaitegiari eginiko eskaera astearte honetan ebatziko du epaileak.
Bestetik, guraso taldeak aurkeztua zuen erraustegiaren ingurumen baimen bateratuaren aurka aurkezturiko errekurtsoa eta horren kautalezko suspentsioa tramitera onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioetarako auzietarako sala auzitegiak. "GuraSOSek eskatu du GHK bertan lekukotzea (Ingurumen Sailburutzarekin batera). Baimen honen eteteak lizitazioa eta erraustegiaren eraikuntza eragotziko luke", ohartarazi dute.
GuraSOSetik gogoraratzen dutenez, abian dituzten ekimen juridiko hauekin, "kautelazko neurri hauen eskaera soilak ekintza administratibo hau (lizitazioa) gelditzea dakar auziak ebatzi bitartean", diote. Kasuotan jurisprudentzia badela diote guraso taldetik, "zeinetan adierazten den Administrazioak ezin duela ekintza bat betearazteko akordioa hartu haren gainean kautelazko eskaera egina denean eta hartaz Auzitegiak edo Epaitegiak erabakirik hartu ez duenean, zeren horrela egingo balitz, Konstituzioaren 9, 24.1 eta 106.1 artikuluak urratuko bailirateke, hots: ziurtasun juridikoa, babes judizial eraginkorrerako eskubidea, defentsa-gabeziaren debekua eta administrazio-jarduerak beharrezko duen lege-kontrola".
Gaurko bilera atzeratzeko eskaera
Bi zirkunstatziok gertatuta soilik gauzatu daiteke, gaurko, abenduaren 27rako iragarria dagoen lizitazioa: "Data hori baino lehenago EAEko Auzitegiak edota Donostiako Epaitegiek epaia ematen badute" edo "bietako batek ere onartu ezean eskatu dugun kautelazko etetea".
Gizartearen nahia entzun, astearte honetako bilera atzeratu eta ekimen juridiko hauen ebazpenekiko zuhurtziaz eta erantzukizunez jokatzea eskatzen du GuraSOSek. “Gipuzkoako erakundeei eta bereziki GHKri gizartearen nahia entzun dezaten eskatzen diegu eta ausardiaz eta erantzukizunez joka dezaten. Gipuzkoako herritarren zati esanguratsu batek gai honen inguruan informazio gehiago eta eztabaida gehiago nahi dituela esan du. Erakundeen betebeharra da herritarren eskaera zilegi eta demokratiko hau entzutea. Horregatik, erakunde guztiei elkarrizketa eta adostasunari aukera bat eman diezaioten eskatzen diegu, eta GHKri abenduaren 27rako deituta duen bilera atzeratzea adostutako irtenbideari atea irekitzeko. Nafarroan, Asturiasen eta Valentzian lortu badute, zergatik hemen ez? Era berean, erantzukizunerako eta zuhurtziarako deia da hau. Izan ere, oraindik auzitegiek ez dute gaia ebatzi eta gerta daiteke kontratua esleitzen bada eta auziak lizitazioaren aurka izan, kutxa publikoarentzat galera handia izatea”.
Bide-orria gizarteratzeko lanetan
Horraino, GuraSOSek une honetan abian dituen azken ekimen juridikoak auzitegietan jorratzen ari diren bidea. Halere, beste behin nabarmentzen dutenez, "GURASOSen nahia ez da gai hau auzitegietan konpontzea, elkarrizketaren bidez baizik". Eta horretan ere ari dira. Hondakinen afera konpontzeko azaroaren 17an aurkeztu zuten 8 puntuko bide-orria gizarteratzen dabiltza. "Proposatutako bide-orria harrera oso ona izaten ari da", adierazi dute. Eragile sozial eta politikoekin egiten ari diren bilera erronda zabalaren baitan, EAJ, EHBildu, Podemos, CCOO, STEILAS, ELA eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin bildu dira, herriz herri ere hainbat elkarte eta ikastetxeren atxikimenduak jasotzen ari dira eta "eta datozen egunotan LAB, PP, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainarekin eta PSErekin" ere batzartzekoak dira.