Alejandro Tapia, herritarren gogoan

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 27a, 13:09

Bide eta modu ezberdinetatik, ekimen txiki eta era berean nabarmentzeko moduko lore eta mezuekin omendu nahi izan dute asteburuan hil den Alejandro Tapia margolaria. Sorterritik hasita gainera. Aginagako Jai Batzordeak eta Aginagako gazteek, Tapiaren irudiarekin batera, honako mezu honekin oroitu eta omendu dute sortzaile aginagarra: "Alejandro Tapia Aiestaran (1930-2016): "Zauden lekuan zaudela, besarkada bat eta esker oneko hitzak, ez dugu besterik. Eskerrik asko, urte luze guzti hauetan eskaini diguzun baldintzarik gabeko laguntzagatik. Gogoan izango zaitugu".

BERRIA egunkaria irakurtzen baduzue bestalde, astearte honetako zenbakian, Antton Olariagak gaurko bere komikia Alejandrori eskaini dio. Usurbilen ere oroitu dute nola ez, zendu berri den artista. Leku ezin egokiagoan. 1985. urtean, Zubiaurrenea kale ondoan margotu zuen murala, larros eder batekin esnatu zaigu. 1985. urtekoa da Tapiaren sortzen lan hau, "enblematikoa bilakatu zen urteen poderioz. 1985ean Herri Batasunaren "Euskal Herria alaitsu eta borrokan kementsu" kanpainaren harira egindako muralak Euskal Herriko historia hurbileko garai esanguratsua islatzen zuen. Hain zuzen ere, bere ikusgarritasun eta edertasunaren gainetik, aro eta borroka politiko baten adierazle izateagatik ezaguna egin zen margolana eta hainbat liburu, aldizkari, erreportaje eta telebista dokumentaletan agertu izan zen, Usurbildik haratago, baita atzerrian ere", muralaren alboan dagoen paneltxoak oroitarazten digunez.

2009an suntsitua

Murala, 2009 ezabatu eta itsusitu zuten, Tapiaren artelanaren ondoan dagoen informazio panelak ondo baino hobeto oroitarazten digunez. "2009. urtean, ordea, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren aginduz eta ertzainen babesarekin, artelana ezabatzeari ekin zioten, aspalditik herriaren paisaiaren parte zen murala pintura golpeen bidez suntsituz. Garaiko aldarrikapenak ezabatzeaz gain, inor zehazki irudikatzen ez zuten aurpegien begiak ere estali zituzten pinturarekin. Ikurriña suntsiketarengatik salbatu bazen, herritar batek "Hori ere legez kanpokoa al da?" jaurti zuelako izan zen. Orduan gelditu ziren brotxa suntsitzaileak", dio aipatu panelak.

Panel berak nabarmentzen duenez, "herri batek merezi du gertatutakoa jakitea. Merezi du bere historia ezagutzea". Eta "iragana present izatea. Horregatik, horren guztiaren oroigarri gisa, azaldu nahi izan da hemen gertatutakoa. Muralak, Usurbilen, artelanaz gain, historiaren zati direlako".