Epaiari itxaron gabe lizitatu dituzte erraustegiko lanak

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 27a, 13:56

Erraustegiko lizitazioa suspentsoan uzteko GuraSOSek Donostiako epaitegietan aurkeztua zuen eskaera epaile batek ebatzi aurretik, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak esleitu ditu jada erraustegia eraiki eta kudeatzeko lanak. Aurreikusi moduan, aipatu erakundeko Kontratazio Mahaiak eginiko proposamena onartu du kontsortzioak astearte goiz honetan eginiko asanbladan. "Meridiam Investments SAS.;Urbaser, S.A.; Altuna y Uria, S.A.; Construcciones Moyua, S.L.; Construcciones Murias, S.A.; LKS Ingienería, S.COOP."  enpresa taldeari esleitu dizkiote Zubietako planta eraiki eta kudeatzeko lanak.

Gizarteari eta epaitegiei mespretxua

Harridura eta kezka agertu du GuraSOSek, lizitazioa gauzatu aurretik, Donostiako Kaxilda liburu dendan egin duen agerraldian. Harridura, prentsaurrekoa hasi denerako GHK-k bilkura hasia baitzuen, epaitegietako ebazpenari itxaron gabe. Epaia oraindik ezagutzera eman ez den arren, lizitazioa onartu dute gainera. "GHKren asanbladaren aurretik epailearen erabaki bat espero genuen eta ez da eman. Ez dugu ezer ulertzen. Pentsatzen dugu gizartea ere hala dagoela", zioten guraso taldetik.

Epaia plazaratu gabe, erraustegiko lanak lizitatzearekin, gizarteari eta epaitegiei mespretxua adierazten dietela salatu dute. "Badirudi legitimitate demokratikoa duen bati berdin zaiola gizarteak edo auzitegiek zer dioten. Badirudi gotorleku bihurtzeko arrisku batean erortzen ari direla erakundeak, gizartetik guztiz at", zioten Donostiako Kaxilda liburu dendan egin duten agerraldian.

Arduratsu jokatzeko deia

Liskarrarekin nekatua dagoen gizarteak aldiz adostasunaren eta elkarrizketaren hautua egin duela diote. Elkarrizketaren bidez hondakinen afera adostasunaren bidetik konpontzeko "esperantza dagoenean", erakundeei arduraz jokatzea eskatu die GuraSOSek. Azken aldiz GHK-ri, abenduaren 23an. Erraustegiko lanak ez esleitzea eskatu zieten, "aukera emateko adostasunari eta elkarrizketari; legeak hala eskatzen duelako; eta ebazpen judizialik ez dagoen artean, administrazioak ezin baitu egikaritu ekintza administratiboa, bestela errespetua guztiz galtzen baitzaio epaitegiei eta zuzenbideari". 

GHK-k gaur hartutako erabakia desegoki, zuhurgabe eta arduzagabetzat jo dute. "Zer erakusten ari dira gizarteari? Indar erakustaldi batean bihurtzen ari dira hau". Atzean halere, erakundeek zalantza handiak dituztela ikusten dute. Egiten ari direnarekin ziur egongo balira, galdetzen zuten, "zergatik ezkutatu mobilizazio handi bat?, zergatik bailatu erakundeko publizitzatea gizarteari galdetzeko ia zalantzak dituen? Zergatik uko egin parte hartzeari? Zergatik ez itxaron epaitegiei? Zeren beldur zarete? Ezin zaie beldurra izan herritarrei. Bide bakarra adostasunarena da. Hau da eman behar dugun bidea".

Gaur ez dela dena amaitzen eta egoera honi, "buelta eman behar diogu" zioen GuraSOSek, eta horretan jarraitzeko asmo argia azaldu dute. "Elkarrizketa izango da era bakarra hau konpontzeko. Ziur gaude hala konponduko dela". 

Gogoan izan, konponbiderako bide-orri bat baduela guraso taldeak. Erakunde eta eragile ezberdinekin biltzen ari dira, bide-orri hau aurkezteko. "Ahal dugun guztiekin bilduko gara", adierazi dute.