Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, lizitazioa zela eta, astearte honetarako, Donostiako Gipuzkoa plazan haserrea adierazteko eginiko deialdiak harrera itzela izan zuen. Milaka gipuzkoar batu ziren, Foru Aldundi atarian. Erraustegiaren aurka eta osasunaren alde oihu eta txistu eginez lehenbizi. Eta segidan, aldarriok, kalez kale zabaldu zituzten, hiriburuko erdigunean barrena egin zuten manifestazioan. Eskuetan, Gipuzkoako udalerrien izena eta udalerri bakoitzari erraustegiak zer nolako dirutza suposatuko dion adierazten zuten kartelak zeramatzaten.
Mobilizazioko deitzaileek argi zioten, lizitazioa gauzatuta hemen ez dela ezer amaitzen. Itxaropentsu agertu dira. "Asko egin dugu aurrera urteotan eta guztiok egin dugun lanari esker esan dezakegu, gaurko tristuraren eta haserrearen erdian, itxaropena daukagula gaur ez bada bihar erraustegi kriminal hau gelditzeko. Eta horretan saiatu eta borrokatuko garela, bakean eta sendo", adierazi zuten.
Borrokan jarraitzeko asmo irmoa
Esker hitzak izan zituzten azken urteotan erraustegiaren aurka eta gipuzkoarron osasun, ekonomia eta ingurumenaren alde aritu edota bestelako alternatibak lantzen aritu direnentzat. Eskerrak eman zizkieten atez ateko bilketa abiatzeko ausardia agertu zuten, Usurbil, Hernani, Oiartzun, Oñati, Antzuola, Orendain eta abar luze bati, baita gaikako beste sistema ondo kontrolatuekin aurrerapen handiak lortu dituzten udalerriei; aurreko legealdian erraustegia geratzea lortu zutenei; Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldekoek (OEIT) eginiko lan itzelari; GuraSOS elkarteak jendartea mobilizatzen eta haurren osasuna zaintzeko eginiko ahaleginari; Gipuzkoa Zutik mugimenduari "erraustegiaren atzean dagoen gizarte eredu neoliberal ustela" salatzeagatik; baita, "herrietan mugitu diren talde, plataforma, koordinadora eta kolektibo guztientzat".
Borrokan jarraitzeko asmoa agertu dute, "gauza asko eta garrantzitsuak daudelako jokoan". "Aurrera jarraituko dugu Gipuzkoako herritarrok erraustegi kriminal hau gelditu arte", iragarri zuten. Aurrera begira egiteke dauden "etxeko lanak" zerrendatu zituzten. Batetik, ahalik eta erreus gutxien sortzen duten gaikako bilketa emaitzadunak Gipuzkoa osora zabaltzea; hondakinen kudeaketa ona egiten ari diren udalerriak eta kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzea; udalek beren eskumenei eustea "esku pribatuetan utzi gabe"; Rezola lantegia, modu kontrolatu gabean hondakin toxikoak erretzen ari den honetan, gai honi buruz informatu eta errealitate hau salatzea; herritarrok politikagintzan benetako parte-hartzea izateko eskubidea eta praktika izatea; alternatiben konfrontazio publiko eta demokratikoa sustatzea.