Atxikimenduak biltzeko selfie kanpaina abiatu du Herritzartuk

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 28a, 07:04

"Atera selfie bat bakarka, lagun artean, familian Herritzarturekin", hortxe maiatzaren 7rako erabakitze eskubidearen inguruko galdeketa antolatzen hasia den Herritzartu elkarteak abiatu duen kanpaina berriaren gakoa. Geure burua irudi batean erretratatu eta argazkia whatsapp bidez, telefono zenbaki honetara bidaltzera gonbidatzen digute: 634 445 512. Bide honetatik ere, herritarren ahalik eta babesik handiena bildu nahi dute.

Ez ahaztu halere, segidan duzuen manifestua ere kaleratua duela Herritzartuk eta manifestu horretarako ere sinadurak biltzen ari direla. Zuen atxikimendua emateko mahaia jarriko dute eguberriotan zehar, abenduaren 30ean, 31n, baita urtarrilaren 5ean ere, poteo orduan; iluntzeko 19:00etatik aurrera frontoi inguruan.

HERRITZARTU

Erabakitze eskubidearen aldeko usurbildarron adierazpena

Kronika zelta batek dio boterea ahalmen bat dela, pentsamendua bezain sinplea eta ziurtasuna bezain indartsua. Botererik ez bilatu, dio kronikak, bera etorriko da geuregana, nor garen, nondik gatozen, non gauden eta gure pausoak norantz doazen jakiten dugunean. Zapaltzen dugun Lurra, arnasten dugun Airea, edaten dugun Ura eta berotzen gaituen Sua elkarrekin ari dira leku berezi bat eraikitzen: Bizitza.

Aspaldiko hitzak dira. Baina oraindik pizturik daude, hogeita batgarren mende hasieran ere.

Asko baikara berriro arnasa hartzen ikasi nahi dugunak, taupadei adi, begiz begiko distantzian. Asko gara elkarren arrimura eraiki nahi dugunak eguna, izandakoei leku eginez, datozenak magalean hartuz, unea diseinatuz, nondik, nola, zertarako, norantz. Asko gara, dagoeneko, hizkuntza txikien doinuan −ere− nabigatu nahi dugunak munduko uretan, nik hau horrela esaten dut eta zuk nola? Asko gara, gero eta gehiago, eguzkiaren beroa partekatu nahi dugunak, bizitza ospatuz, jabekuntza ikur hartuta.

 Erabakien aroan gaude. Herritarrok hitza berreskuratu nahi dugu, egokitu zaigunaz jabetzeko, bizi dugunaz hausnartzeko, datorrenaz eztabaidatzeko. Ez dugu nahi inork eman dezan pausoa gure izanean. Ez dugu nahi inork erabaki dezan nola bizi nahi dugun dagokigun aroa.

Ideologia eta sinesmen desberdinetakoak batu gara Usurbilen. Euskal Herriarentzako proiektu ezberdinak ditugu zerumugan eta geure burua izendatzeko orduan ere ez da ñabardurarik falta, baina eskubide berberak estekatzen gaitu, herri modura nahiz nazio gisa: geuk erabaki nahi dugu Euskal Herriaren geroa.

Ez gara bakarrak. Eskozian eta Katalunian pausoak ematen ari dira, dagoeneko, antzeko norabidean.

Erabakiaren aroa iritsi delako. Herritar bakoitza libre jaio delako. Herritar bakoitzak eskubidea daukalako hitzez eta ahotsez bizi den Euskal Herria eraikitzeko.

Hala bada, idatzi hau sinatzen dugunok oinarrizko eskubide demokratiko horren alde egiten dugu, ozenki aditzera emanez: Bat, Euskal Herria bere etorkizuna erabakitzeke duen herria dela. Bi, euskal herritarroi dagokigula erabaki hori hartzea.

Halaber, gure sinaduraren bidez, babesa eta bultzada ematen diogu Usurbilen, maiatzaren 7an, eskubide horren alde egingo den herri-kontsultari.

Herriak hitza hartzeko garaia iritsi da: herritzartu.  

Argibide gehiago jaso edota antolaketa lanetan lagundu nahi duenak, Herritzartu taldearekin hartuemanetan jartzeko bideok ditu:

Ostegunero biltzen dira, 18:30etan Potxoenean.

Facebook: Gure Esku Dago Usurbil

Twitter: @GureEskuDagoU

E-posta: usurbilgureeskudago@gmail.com