"Gazteok zuekin gaude! Zuekin gaude borrokan, sistema iraultzeko bidean, independentzia erdiesteko borrokan, askatasunaren aldeko bidean. Dei egiten diogu euskal jendarteari, eta bereziki euskal gazteriari euskal preso eta iheslari politiko guztiak kalean izan arte, kalera ateratzera. Kalera, kalera eta kalera!", adierazi dute eguerdian Ernai eta Aitzina gazte erakundeek Usurbilgo frontoian egin duten agerraldian bildutako ehunka gazteek.
Ekitaldian zehar gogoan izan dituzte eta besarkada bana bidali diete Usurbilgo Kaleragunetik, batetik, "euskal herrian, espainar estatuan, estatu frantsesean, Portugalen eta Suitzan bahituta dituzten euskal herritarrei", baita agerraldian parte hartzekoak izan arren, atzo Madrilen eta Parisen euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurriak salatzeko egin zituzten kateatze ekimenen ostean, atxiloaldia beste 24 orduz luzatu dieten Aitzinako 7 militanteei ere. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak abiatu duen hausnarketari ere babesa adierazi diote.
Benetako konponbiderik ez, preso eta iheslariak etxeratu arte
Ulertezintzat jotzen dituzte hain zuzen, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriok; "dispertsioa, isolamendua, komunikaizo guztien interbentzioa, bizi osorako zigorra, preso horien aurkako heriotz zigorrak, edota lehen graduaren aplikazioa. Neurriok salatzeko kateatu ginen atzo, Ernai eta Aitzinako hainbat kide, Madrilgo espetxe erakundeen idazkaritza nagusian eta Parisko justizia jauregiaren egoitzetan. Milesker lagundu gintuzten lagun internazionalistei ere", adierazi dute gazte erakundeotako ordezkariek Kaleragunean.
Urtarrilaren 6rako 18:30etan, Donostiako Haizeen Orrazia eta Oteizaren Paseo Berriko eskultura lotuko dituen giza-kate bereziarekin eta Sare mugimenduak urtarrilaren 14an, 17:30etan Bilboko Kasillatik abiatuko den manifestazioarekin bat egin dute. Honen harira, gogorarazi dutenez, "350 euskal preso politiko ditugu oraindik espetxeratuak; preso politikoak bai, preso politikoak baitira gatazka politikoaren ondorio direlako. Horregatik diogu ez dela konponbiderik izango, euskal preso eta iheslari poitikoak etxean, gurekin batera kalean borrokan izan arte. Bide horretan urtarrilaren 6an Donostian eta 14an Bilbon izango gara, presoen eskubideen alde, konponbidearen eta askatasunaren alde".
Euskal herritarren gehiengoa behin eta berriz konponbidearen alde agertzen ari den artean, benetako konponbide horretara heltzeko "salbuespen legedi oro deuseztea" ezinbestekotzat jotzen duten honetan, estatuak bake agertokia oztopatu nahian dabiltzala salatu dute. "Gerra estrategia da Euskal Herriaren konponbide nahiari estatuek eman dioten erantzuna. Jarrera inmobilista izatetik estatuak jarrera oztopatzailea izatera heldu dira azken urteotan, arduragabakeria hutsez jokatuz. Horrela uler daiteke adibidez, armagabetzearen aurkako jarduna eta Luhuson 5 euskal herritarren aurka burututako azken polizia operazioa. Horrela uler daiteke garaile eta garaituen errelatoa inposatzeko saiakera, guardia zibilak herri honetan izan duen papera zurituz, gataza politikoa ezkutatuz. Altsasuko gertakariek inoiz baino argiago utzi dute hori eta horrela uler daiteke ere preso politikoen egoera azken urteetan kaxkartu izana", adierazi dute.
Kalera Kalera! Bakea eta Askatasuna irabaztea!
Abenduak 28, asteazkena
19:30 “Kartzela eta literatura”:
-Mahai-ingurua: Jokin Urain “Kixkur” idazlea eta preso ohia; Olatz Altuna Zumeta preso ohia…
-Errezitaldia: Jose Luis Otamendi, Kattalin Miner…
Abenduak 29, osteguna
12:00 Agerraldi politiko musikatua frontoian.
19:00 Mahai-ingurua: “Emakumeak patriarkatuaren kartzeletan preso”.
Parte hartzaileak:
• Maria Ruiz Torrado antropologo feminista. "Kartzela genero-erakunde bezala: genero-bereizkeriak, erresistentzia-praktikak eta agentzia Euskal Herrian espetxeratutako emakumeen artean"; deritzon doktore tesiaren egilea. Kartzela egitura ikuspegi feministatik aztertu du.
• Oihana Etxebarrieta Legrand. Senide izandakoa, feminista eta ikerlaria. “Erlazio afektibo sexualak espetxe garaian askatasun (g)une? Hainbat euskal emakumeren esperientziak” ikerketaren egilea. Espetxea tarteko duten bikote harremanak aztertu ditu euskal preso politikoen kasuan.
• Mertxe Galdos Arsuaga. 20 urte egin ditu kartzelan eta horietako 7 erabat bakartua eta isolatuta Malagako kartzelan. Isolamendu egoera horren kontakizuna egingo du.
• Dinamizazio eta aurkezpen lanetan Olatz Dañobeitia Ceballos.
Egitarau osoa, hemen: Kaleragunea