Urtarrilaren 6an giza-katea Kontxan, "Kalera, Kalera!" ekimenaren baitan

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 28a, 17:56

Suargiekin askatasunaren argia pizteko deia luzatu berri dute Usurbilgo Kaleragunetik, urtarrilaren 6an 18:30etan Donostiako Kontxako badian antolatu duten giza-katean. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak iragarritako hausnarketa prozesuari bultzada eman eta mobilizazio ziklo berri hasiera emateko deitu duten ekimen honetara gonbidatzen dute herritar oro, "bereziki konbokatu nahi ditugu azken 40 urte hauetan amnistiaren eta askatasunaren alde borroka egin duen pertsona oro".

Eskualdeka osatuko da giza-katea. Eskualdearen arabera, biltzeko bi leku finkatu dituzte. Buruntzaldeko herritarrak, hilaren 6an 18:30etan Donostiako Alderdi Ederren hitzartu dituzte. Gogoan izan,  suargi bat eraman beharko du giza-katean parte hartu nahi duen pertsona bakoitzak. Ekimen honek, Haizeen Orrazia eta Oteizaren Paseo Berriko eskultura lotuko ditu. Giza-katea osatu ostean, 19:00etan amaituko da ekitaldia, Kontxako Erlojuen gunean. Antolatzaileek Usurbilgo Kaleragunean eman dituzte, deialdi honen inguruko xehetasunak. Honatx plazaratu duten adierazpena:

5 urte pasa dira Aieteko Adierazpena kaleratu zenetik eta hiru urte EPPKk bide horrekiko bere konpromezu eta atxikimendu zehatza plazaratu zuenetik. Aldiz, espainiar zein frantziar estatuen aldetik blokeo, inmobilismoa eta mendekua izan dira jarrera nagusiak. Presoen egoerak inboluzioa bizi izan du urte hauetan. Auzi honi erresoluzio klabean heldu beharrean konfrontazio klabean jardun dira urte hauetan. Herri honen askatasuna eta bakea ezin ditugu estatuen esku utzi, eta auzi honi parametro politiko berrietan heldu behar diogu. Abian prozesuak mandatu bat idatzi zuen Ezker Abertzale osoarentzako eta mandatu hori betetzera dator Kolektiboaren eztabaida berria; alegia, nola lagundu dezakeen Kolektiboak kartzelak huste bidean jarri eta prozesu independentista bultzatzen. 

Kolektiboak iragarri duen eztabaidaren inguruan elementu batzuk azpimarratu nahi ditugu:

  1.  Kolektiboarekiko eta emango duten eztabaidarekiko begirunea eskatzen dugu. Zer eta nola egin behar luketenari buruzko exigentziak amaitu behar dira denon onerako.
  2. Dokumentuaren errealismo politikoa eta zintzotasuna azpimarragarriak dira, eskuzabala eta oso malgua baita. Gardena da oso, eztabaida dokumentua herritar ororen jakinaren gainean jarri baitute.
  3.  Herritarrekin egin nahi dute ibilbide hau, “egingo duten urrats bakoitza herritarren ezagutza, ulermena eta babesa behar duela” aitortzen baitute.
  4. Dokumentuan Kolektiboak markatzen dituen marra gorriak, damua eta salaketa, ebidenteak dira. Guk ere gure egiten ditugunak, hain zuzen.

Horrela, ibilbide honen arrakastarako derrigorrezkoa izango da herri gisara jardutea. Izan ere, indar korrelazioa izango baita gakoa. Honek eskatzen du herritar ororen inplikazioa, herri akordioa presoei dagokien atalean gatazkaren ondorioak gainditu ahal izateko. Norabide horretan, Euskal Herriko eragile sozial, politiko, sindikal zein instituzionalei arduraz jarduteko deialdia egiten diegu. Hori da Kolektiboaren lan filosofia eta baita geurea ere.

Guri dagokigunez, konpromezua hartzen dugu hemen mobilizazio ziklo berri bati hasiera emateko, eta bereziki konbokatu nahi ditugu azken 40 urte hauetan amnistiaren eta askatasunaren alde borroka egin duen pertsona oro. Zentzu honetan eta guzti honi Herri bultzada bat emateko, datorren urtarrilaren 6an, arratsaldeko 18,30eta hasita, Giza Katea osatuko dugu Donostian. Haize Orrazia eta Alderdi Eder lotuko ditugu.

Gizakatea osatzen dugun pertsona bakoitzak suargi bana eramango dugu eskuan.

ASKATASUNAREN ARGIA! 

Antolakuntzari dagokionez: 

-Haize Orrazira deitzen ditugu, Araba, Bizkaia, Deba Goiena, Deba Barrena, Urola Kosta, Tolosaldea eta Goiherritik etortzen direnak. 

-Alderdi Ederrera berriz, Ipar Euskal Herriko Lagunak, Nafarroa Garaikoak, Buruntzaldeakoak, Oarso Bidasoakoak eta Donostialdekoak. 

Ekitadiaren amaiera, 19.00etan izango da, Kontxako Erlojuen Gunean. 

KALERA, KALERA! BAKEA ETA ASKATASUNA IRABAZTERA!