Oraindik itzalpean diren beste indarkeriak lantzeko deia egin dute, emakumezko preso ohiek

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 30a, 09:45

Emakume preso ohien itxialdiaren txanda asteburu honetan, Usurbilgo Kaleragunean. Agerraldi batekin eman zioten atzo hasiera itxialdiari. Manifestu bat irakurri zuten, hainbat emakume preso ohi bildu zituen ekitaldian. Bertan ziren zenbait usurbildar ere. "Gure herrian benetako bakea eta askatasuna eraiki nahi badugu gatazka politiko armatuaren harira izandako ondorioak landu behar ditugu eta emakumeon kasuan "gatazka" horren itzaletan gordetzen diren beste indarkeriak ere landu. Hori GUZTION ardura da", gogorarazi zuten. Eta alde horretatik, denon artean irtenbide bat emateko deia egin zuten.  

Gero, emakumezko euskal presoen kaleratzea eskatu zuten. Preso bakoitzaren izen abizenak aipatzen joan ziren neurrian, suargiekin ikur feminista osatzen joan ziren. Aipatu zuten presoen artean, besteak beste, Olatz Lasagabaster Anza herritarrena. Segidan dituzue agerraldian irakurri zuten manifestua, emakumezko euskal presoen zerrenda eta ekitaldi amaieran irakurri ziren Ekhine Eizagirreren olerkiak:

HEMEN GAUDE

Hemen gaude egun batez Euskal Herriaren independentzia eta gizarte justuago bat helburu, borrokan hasi ginen emakumeak.

Hemen gaude gure borroka esparruetan ikustezinak sentitu ginenak eta, baita, ikustezinak ez izateko ahotsa altxatzea eguneroko zerbait bilakatu genuenak ere.

Estatuentzat, ordea, ez ginen inoiz ikustezinak izan eta, hala, egun batean atxilotuak izan ginen. Ez, poliziak ez zuen inoiz begibistatik galdu emakumeak ginela. Eta, hemen gaude, ondorioz, komisaldegian bortxatuak izan ginen emakumeak, baita bortxatuak izateko izuaren ondorioz, oraindik ere laguntza profesionala jasotzen dugunak ere. Bortxaketa sexuala herri honen askatasunaren aldeko borroka neutralizatzeko guda-arma bat izan baita.

Muturreko egoera hari bakoitzak ahal izan duen moduan egin genion aurre. Eta ondorioz, hemen gaude, laguna salatu gabe duinki eutsi genionak baina, baita, duintasuna galdu gabe, behartu zigutena sinatu genuenok ere. Zeren eta, agian, 50 urte geroago, bada garaia Itziar bezalako emakumeek semeak ezezik alabak ere izan zituztela aitortzeko. Agian, bada garaia, premia eta min pertsonalak ahultasun bezala baino, aurre egin beharreko arazo kolektibo bezala ulertzeko; kartzela zein kartzelatik kanpo. Horrek bereizten baikaitu beraien logikatik. Gu ez baikara beraiek bezalakoak.

Eta, hemen gaude kartzelara sartu gintuztenean bikotekidea galdu genuen emakumeak ere. Egia esan, ez dakigu zein momentutan pasa ahal izan zitzaigun burutik zaintzaile beharrean zainduak izan gintezkeela. Edo, hobeto pentsatuta, gure barruan beti jakin genuen hori gertatuko zela. Eta, hala ere, aurrera egin genuen... Nonbait, borreroak bakarrik ez, herri honetan ausardiak ere baditu milaka aurpegi.

Hala, geroztik, espetxean hain beharrezkoa den babes emozionala gure amek, ahizpek, neskalagunek eman ziguten emakumeak gara hemen gaudenak. Nahiz eta honako hau ez den gizon presoengatik ezberdintzen gaituen zerbait: euskal presoen zaintza eta babesa emakumeen esku egon baita beti eta halaxe jarraitzen du egoten gaur egun ere.

Hemen gaude ama izan nahi eta kartzelaren ondorioz ama izan ez garen emakumeak. Eta hemen gaude ere, barrote atzean eta poliziez inguratuta erditu garenak.

Hemen gaude, seme alabak espetxe barruan, gurekin, hazi ditugun emakumeak, hazkuntza horretan Instituciones Penitenciariasek ez baitu aurrikusten aitaren inolako parte hartzerik. Hemen gaude, hiru urte bete zituzten egunean bertan, eta azala kendu izan baligute bezala, umeak gure ondotik erauzi zizkiguten emakumeak.

Hemen gaude ere, neska bat maitatzeagatik kartzelaren aldetik, eta ez bakarrik bere aldetik, irainak jaso genituen eta jasotzen ditugun emakumeak.

Hemen gaude, emakume izateagatik kartzela erregimen ezberdina bizi izan dugunak. Gizonezkoentzako egindako kartzelako soberakinetan bizi izan garenak. Patio txikiagoetan, bakartze latzagoetan, baldintza kaxkarragoetan egon garenak. Menpekotasuna areagotzeko asmoz emakume on eta otzan bihurtu nahi izan gaituztenak.

Hemen gaude, funtsean militante independentista izateaz gain, emakume izateagatik komunikabide, komisaldegi eta espetxean modu bikoitzean zigortuak izan garen emakumeak. Hemen gaude prentsa misoginoenen arabera emakume txarrak, ama txarrak, emakume desegokiak, komandoetako putak, terrorista odoltsuenak. Hemen gaude modu bikoitzean zigortu gaituen iruditegi horren eraikuntzan erabili izan diren aurpegi eta gorputzak. Hemen gaude aitortu gabeko militante politikoak.

Guk noizbait jasan genuena egun 52 euskal emakume preso politiko ari dira pairatzen, eta kezkatuta gaude. Horietariko 13 bakarrik daude eta estatu espainoleko kasuan gehienak bizi erregimen gogorrenean. Kalean behar ditugu, kartzelara eraman dituen gatazka ixteko egoera honi aterabidea eman behar diogu. Gatazka honek eragindako preso eta iheslari gabeko Euskal Herri baterantz abiatu nahi dugu, eta bitartean egun bizi duten salbuespen egoera desegin nahi dugu. Emakumeon kasuan gainera, gatazka honen atzean beste gatazka batzuk ezkutatzen dira, emakumeok gizarte patriarkalaren ondorioz bizi dugun gatazka.

Badira bost urte Aieten, nazioarteko eragileen parte hartzearekin, bide orri bat aurkeztu zela; euskal gatazka politikoari irtenbide justu, baketsu eta iraunkor bat bilatu asmoz. ETAk Aieten egindako deialdiari bere ekarpena egin zion, jarduera armatua behin betiko uzteko deliberoa hartu zuelarik. Baina espetxean edo erbestean dauden gure kideentzat egoerak ez du hobera egin. Bost urte beranduago, euskal preso politikoen auziak konpondu gabe segitzen du.

Gure herrian benetako bakea eta askatasuna eraiki nahi badugu gatazka politiko armatuaren harira izandako ondorioak landu behar ditugu eta emakumeon kasuan "gatazka" horren itzaletan gordetzen diren beste indarkeriak ere landu. Hori GUZTION ardura da. Hori dela eta, kooperazio esparru bat sortu nahi dugu eragile guztiekin. Horregatik, euskal jendarteari orohar eta bereziki emakumeon eskubideen defentsan lanean diharduten eragileei deia luzatu nahi diegu auzi honi behin betiko irtenbide bat bila diezaiogun denon artean.

KALERA!...

Lierni Armendariz Gonzalez Langarika; Idoia Martinez Garcia; Nerea Garaizar San Martin; Nahikari Otaegi Tena; Oihana Agirre Garcia; Eider Perez Aristizabal;  Leire Etxeberria Simarro; Lexuri Gallastegi Sodupe; Iratxa Yanez Ortiz de Barron; Ainhoa Garcia Montero; Arantza Zulueta Amutxastegi; Josune Arriaga Martinez; Maitane Linazasoro Lopez; Josune Balda Arruti; Ainhoa Barbarin Iurrebaso; Maite Pedrosa Barrenetxea; Josune Oña Ispizua eta haurra; Idoia Mendizabal Mujika eta haurra; Sara Majarenas Ibarreta eta haurra; Maria Lizarraga Merino; Marta Igarriz Izeta; Alicia Saez de la Cuesta; Ana Belen Egues Gurrutxaga; Oskarbi Jauregi Amondarain; Itziar Alberdi Uranga; Aitziber Coello Onaindia; Olatz Lasagabaster Anza; Agurtzane Delgado Iriondo; Ainhoa Mujika Goñi; Nerea Bengoa Ziarsolo; Irantzu Gallastegi Sodupe; Oihane Bakedano Maidagan; Beatriz Etxeberria Caballero; Olga Comes Arranbillet; Belen Gonzalez Peñalva (etxean preso); Alaitz Aramendi Jaunarena; Izaskun Lesaka Argulles; Itziar Moreno Martinez; Itziar Plaza Fernandez; Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre; Iratxe Sorzabal Diaz; Mertxe Chivite Berango; Marixol Iparragirre Genetxea; Ainhoa Ozaeta Mendikute; Maite Aranalde Ijurko; Alaitz Areitio Azpiri; Marina Bernardo Bonada; Dolores Lopez Resina; Lorentxa Beyrie; Saioa Sanchez Iturregi; Itxaso Zaldua Iriberri; Nekane Txapartegi Nieves.

EKHINE EIZAGIRREREN OLERKIAK (FRESNES)

GURE GORPUTZEN BIRKONKISTAN

Kapitalismo patriarkalaren

eraikuntza sozialak gara.

Ez haatik amaitutako produktuak.

Ez haatik eskultura moldakaitzak.

Ez haatik behe-laino zurrunak.

Etenik gabe

berregokitzen

birkontzientziatzen

berreraikitzen

dihardugun

subjektuak gara.

Horregatik gorputz ahaldunak.

Horregatik kontzientzia arriskutsuak.

Horregatik gute gorputzen birkonkistan

dihardugun nomada feministak.

FEMINISMOARI

zu zaitut

lau hormaren artean morfina

arintzen didana egonezina

jakin-min atsegina

itxaropen bitamina

egin dezadan aitzina

zu Zaitut

bozkario eta samina

bizitzako pipermina

Lagun ukaezina

adiskide nekaezina

maitale aseezina

zu zaitut

kontraesanak xuxurlatzen

dizkidan sorgina