Gau eta goizalde izoztuak egunotan

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 3a, 08:00

Zero azpiraino jaitsi dira termometroak. Hotz galanta dugu azken egunotan eta esnatzerako halako irudia gure inguruko belardi eta zelaietan. Baita ibilgailuetan ere. Edonora joateko ere, autoetan dagoen izotza kentzeko denbora hartu behar egunotan. Aldaketa handirik ez da espero. Astearte gauerdi honetatik asteazken goizeko 10:00ak arte abisu horiaren eraginpean egongo gara, "muturreko tenperatura baxuak eta izotzagatik". Honatx Euskalmet-en iragarpena:

Urtarrilak 3, asteartea

"Giro eguzkitsua eta hotza. Zenbait puntutan behe-lainoarekin hasiko dugu eguna eta egunsentia hotza izango da, zeropeko tenperaturarekin barnealdeko herri askotan. Goizak aurrera egin ahala, behe-lainoa desegin eta zerua, oro har, hodei gutxirekin agertuko da. Kostaldean, zenbait momentutan, behe-hodeiak sartuko direnik ezin dugu baztertu, baina oro har, eguzkia ikusteko aukera izango dugu. Kantauri isurialdean tenperaturak berdin jarraituko du, hegoaldean, aldiz, zertxobait igoko da. Eguzkia ezkutatu bezain pronto, asko hoztuko du eta eguna amaitu aurretik, barnealdean, berriro ere, izotza egingo du".

Urtarrilak 4, asteazkena

"Eguraldiak ildo beretik jarraituko du. Zeruak oskarbiari eutsiko dio eta kostaldean, zenbait momentutan, behe-hodeiak sartzeko aukera badago ere, oro har, eguzki giroak jarraipena izango du. Egunsentia hotza izango da, izotza botako du herri askotan, baita kostaldean ere, tenperatura zeropetik jaitsi daiteke. Eki/ ipar-ekialdeko haize fina ibiliko da eta eguzkiak ez du larregirik epelduko giroa; eguneko tenperaturak berdin jarraituko du edo zertxobait jaitsiko da. Behe-lainoa sortuko da ohiko bailaran".

Urtarrilak 5, osteguna

"Gorabehera gutxi ostegunerako, baina litekeena da zerua lainotuago egotea, bereziki ipar partean. Egunsentia hotza izango da, izotza egingo du herri askotan eta behe-lainoa sortuko da. Eguneko tenperaturak berdin jarraituko du, kostaldean ozta-ozta iritsiko da 10 ºC-ra eta barnealdean 6 ºC-ra igoko da. Ipar partean, lainotuago ikusiko dugu zerua, bereziki egunaren lehen zatian eta kostaldetik gertu. Gauzak horrela, hotza izango da berriro ere guztiontzat hizpide eta ilundu ostean asko jaitsiko da tenperatura".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus