Hala adierazi du GuraSOS elkarteak, astearte goiz honetan Donostiako Kaxilda liburu dendan eskaini duen prentsaurrekoan. Argi zioten, duela astebete ez zela erraustegia eraiki eta kudeatzeko kontratua esleitu, aldez aurretik egin beharreko tramite bat baino ez zuela onartu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK). Erakunde horretako Kontratazio Mahaiak eginiko proposamena onartu baino ez zutela egin argitu nahi izan dute. Aipatu mahaiak, lizitazio deialdi honetara aurkeztu diren hiru enpresa taldeen eskaintza baloratu eta puntuazio batekin baloratzen zuen. Sailkapen hau da hilaren 27an GHK-k onartu zuena. "Esleipena aurrerago gauzatuko da, lehen postuan sailkaturiko lizitatzaileari eskatu zaion dokumentazioa aurkezten duenean", argitu du GuraSOSek.
Lizitazioa oraindik gauzatu ez dela jakinarazteaz gain, bigarren albiste baten berri ere eman dute. Abenduaren 27ko lizitazioa suspentsoan uzteko Donostiako 3. epaitegian eginiko eskaera oraindik ez du ebatzi epaitegiak, eta guraso taldearen esanetan, ez du ebatziko epe motzean. GuraSOSek eskaera argi bat egin du. "Norbaitek erantzun bat ematea nahi dugu. Galdetzen duguna da, gizarteak egiten duen galdera da, zer ari da gertatzen? Zergatik sinistarazi nahi izan dio Aldundiak gizarteari kontratua esleitu dela, hala ez denean? Zergatik esleitu behar zuen abenduaren 31 baino lehen, guztiaren gainetik, epaile eta auzitegietako ebazpenei itxaron gabe? Justiziak esleipena baino lehen erantzunen bat emango al du?".
Galdera hauei erantzunez, GuraSOSetik ziotenez, "ezin dugu ezkutatu Foru Aldundiaren eta GHKren jokabideak herritarrei eta auzitegiei errespetua faltatzea suposatzen duela. Jokabide horren larritasunak erantzun bat merezi du. Erantzun sendo eta irmo bezain zibilizatua".
Proiektu guztiz bideraezina
Orain arte joko arauak errespetatu dituztela zioen GuraSOSek, elkarrizketaren bidea lehenetsi dutela eta "horretarako Aldundiaren eta GHKren jokabidearen legaltasuna ezbaian jartzen zuen informazioa argitaratzea saihestu dugu". Baina egoeraren anormaltasuna ikusita, eta bi erakundeon "fede txarra eta amarruen aurrean, jarreraz aldatu beharrean gaude".
Gipuzkoarron ekonomia, ingurune eta osasuna nabarmen kaltetu dezakeen erraustegiaren proiektuaren irregulartasunak agerian uzten dituen informazio dossier potolo bat helarazi die GuraSOSek hedabideei. "Publiko egiten dugun dossier honen helburua, iritzi publikoari erraustegiaren proiektuaren irregulartasun eta hutsuneen berri ematea da, egun bideraezina dirudien elkarrizketa eta akordio prozesu zintzo bat irekitzea errazteko", zioen GuraSOSek.
Dossierrarekin ondorio argi batera heldu da GuraSOS. "Proiektu hau guztiz bideraezina da eta ez da gauzatuko".
Ekimen juridiko berriak
Haratago joan nahi dute. Argi zioten, "gure seme-alabak babesteko egin beharrekoa egingo dugu". Ekimen juridiko gehiago abiatzeko asmoa agertu dute. Irregulartasunak salatzen segiko dute Foru Aldundiaren edota Ogasun Ministerioaren aurrean. Europara joan asmo dute. "Kexak tartekatuko ditugu Europan, Estrasburgoko auzitegira joko dugu, Luxemburgokora", zioten GuraSOSeko ordezkariek. Familia norvegiarrak ere informa asmo dituzte. Antza, familion pentsio planak ere erraustegiaren eraikuntza finantzatzeko baliatu nahi dira. "Gure posizionamenduaz eta haien dirua herritarren parte hartzea saihesteko baliatuko dela informatuko ditugu. Haien inbertsioa, etikoa ez izateaz gain, arriskutsua ere badela jakinaraziko diegu. Gauza bera egingo dugu gainerako entitate finantzieroekin ere", iragarri dute.
GuraSOSen esanetan, osasunaz ari garenean, gai honetan ez dago jada hain beharrezkoa den konfiantza eta gardentasunik. Proiektu hau sustatzen ari direnek ezin dute ezer esan edo egin, ezeri beldurrik ez diogula izan behar sinestarazteko. Halere, agerraldian zehar behin baino gehiagotan gogorarazi dutenez, elkarrizketaren eta akordioaren bidea lehenesten segiko du guraso taldeak. "Akordio batera helduko gara", ziurtatu dute.