Sutegi, erakusketez betea

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 4a, 08:16

Kultur etxean ez dago lekurik beste erakusketa baterako. Presoen artelanak, Usurbilgo sortzaileek 2016an argitaraturiko produktuak eta komikigintza tailerreko ikasleen lanak ikusi ditzakezue Sutegin egunotan:

"Presoak kalera, presoen artelanak kalera"

Epea: urtarrilaren 7ra arte.

Tokia: Sutegiko erakustaretoa.

Ordutegia: 12:00-14:00 / 16:00-20:00.

Zehaztasunak: "Presoak kalera, Presoen artelanak kalera"- bisitatzera gonbidatzen zaituztegu. Bertan giltzapetutako ahotsen espresio artistikoak ikusgai izango dituzue, goizeko hamaiketatik ordubietara, eta arratsaldez, lauretatik, zortziretara. Inolako zentsurarik gabe, batzuek isildu nahi dituztenen artelanak izango dira bertan. Kalera kalera, espetxeak hustu ditzagun. Preso, iheslari eta deportatuak behingoz ETXERA!!! Denak kalera, free them all!".

Informazio gehiago:

kalerakalera.eus

Facebook: Kalera kalera

Twitter: @kalera_kalera

Antolatzailea: Kalera Kalera! ekimena.

Komikien erakusketa

Azken hilabeteotan Joseba Larratxe herritarrak bideratu duen komikigintza tailerreko ikasleen lanak ikusgai jarri ditu ekimen honen antolakuntzak, Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak, Sutegi udal liburutegian. Eguberriotan zehar bisitatu ahalko duzue sortze lanon bilduma.

Usurbildarren sortze lanen erakusketa 

Irudiok ikusita, ezin esan herri honek sormenerako gaitasunik ez duenik. Oparoa izan da amaitu berri dugun 2016. urte honetan ere, usurbildarrek utzi diguten sortze lanen uzta. Bilduma ederra osatu ahal izan dugu, haiei guztiei esker. Irudion laguntzaz, honatx usurbildar sortzaileen 2016ko uztaren errepaso azkarra:

Labrit: "Zortzi"

Labrit Zabalaren itzulerako disko berria. 2000. hamarkada hasieran plazaraturiko bi lanen ostekoa. Bizitzari aurre egiteko moduaren inguruko abesti bilduma berria.

 

Joseba Tapia: “Larreko eskolatik”

Trikitixarekin gozatzeko apunteak kaleratu ditu Joseba Tapiak, “ikasle, irakasle eta gurasoen lagungarri izatea nahi nuke”. “Zer ekar genezake gaurko egoera honetara, geure esperientziatik?” bere buruari egiten dion galdera hau eta beste batzuei erantzuna ematen dion lana eskuragarri duzue.

Yolanda Arrietaren zenbait lan

Lan bat baino gehiago kaleratu du 2016an. Batetik, Aitziber Alonso marrazkilariarekin landutako haur txikientzako lo-kanten inguruko “Kulun-kuttunak”. Bixenta Mogel euskal idazlearen inguruko “Argiaren alaba” lanaren erdarazko bertsioa, “La hija de las luces”. Bestalde, Euskal Museoaren “Estereoskopiak: 16+16” erakusketaren harira kaleraturiko argitalpenerako narrazio lan bat sortu du.

Jakoba Errekondo: “Altza Porru”

Jakoba Errekondoren “Bizi baratzea” liburutik eratorritako argitalpena, nagusiki irudi eta komikiez osatua. Errekondorekin bi herritar ditugu inplikatuak egitasmo honetan; Idoia Torregarai eta Joseba Larratxe irudigile gisa. Baratzea mundu askotarako ataria dela azaldu nahi izan dute lan honekin.

Zumetari buruzko katalogoak

Jose Luis Zumeta margolariaren zenbait katalogo donazio moduan utzi dizkio alaba Usoak, Sutegi udal liburutegiari. Tartean “Gaur konstelazioak 1966-2016”, artista usurbildarra kide izan zuen duela 50 urteko mugimenduari buruzko argitalpena.

Joseba Larratxe: “Eneko Aritza, lehen errege baskoia”

Eneko Aritza lehen errege baskoian eta bere familian eta Orreagako batailetan zentraturiko komiki historikoa. Kontatu izan ez diguten geure historia modu erraz eta ikusgarrian ezagutu eta ulertzeko aukera dugu lan berri honekin. “Joseviskik” Anjel Rekalde eta Nabarralderekin elkarlanean labetik atera berri duen argitalpena.

Kantu Taldea: kantu-liburuxka

300 abesti eta kanta hauen inguruko informazio interesgarri askoa biltzen ditu, Kantu Taldeak, NOAUA! K.E.rekin eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean argitaratu berri duen kantu-liburuxka eguneratuak. Kantuzaleentzako tresna ezin erabilgarriagoa.

Rukula

Zenbait emanaldi plazaratu dituzte; jaietan esaterako edota abendu hasieran, Durangoko Azokan. Eta musika biratik bueltatu berri da Rukula; pozik asko gainera. Argitaratu berri duten estreinako lana aurkezten dabil talde usurbildarra.

Floxbin: “Ak!”

2015. urte amaieran kaleratu zuten arren, aurreko udaberrian aurkeztu zuten Iñaki Udabek eta Joseba Agirresarobek Txokoaldeko Akerra Gaztetxean, “Ak!” lan berria. Gaztetako proiektu hura berpiztu duen lana dugu honakoa.

Izeberg: “Lurrik ez begibistan”

Lan berria kaleratu udaberrian kaleratu zuten, Ixak Arrutik (ahotsa eta gitarra), Jokin Irastorzak (bateria), Antton Aranburuk (gitarra) eta Beñat Urteagak (baxua).

Herrian ekoitzi, herrian eskuratu

Urte garai honetan oparitarako aitzakia zerrenda ederra duzue ondokoa. 2016ko usurbildar sortzaileen uzta osoa, establezimendu ezberdinetan duzue eskuragarri; Sutegi udal liburutegian, NOAUA! K.E.-ren egoitzan, Lizardi eta Laurok liburu dendatan; baita, Aitzaga, Irrati, Txirristra eta Zendoia tabernetan ere.