Negu gorria bizitzen ari gara egunotan eta asteburua ere ildo beretik datorrela dirudi. Ostegun gau honetan ere, azken egunotan bezala, abisu horian izango gara gauerditik ostiral goizeko 10:00ak arte, "muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik". Termometroa zero azpiraino jaisteaz gain, izotza egin dezake nonahi. Honatx astebururako iragarpena:
Urtarrilak 5, osteguna
"Aldaketa txiki batzuk baino ez ditugu espero, ipar partean behe-hodeiak agertuko baitira. Egunak aurrera egin ahala, behe-hodeiak sartuko dira, bereziki kostaldetik gertu dauden herrietara, baina ateri eutsiko dio. Gainontzeko lekuetan, gauean sortutako behe-lainoa desegin ostean, zerua oskarbi agertuko da. Goizean goiz izotza edonon egingo du eta eguneko tenperatura apur bat jaitsiko da".
Urtarrilak 6, ostirala
"Neguko giro hotzarekin eta eguzkitsuarekin dator ostirala. Goizean goiz izotza edonon egingo du eta zenbait puntutan gainera aurreko egunetakoa baina handiagoa izango da izotza; barnealdeko bailaretan behe-lainoa sortuko da. Goizean, behe-lainoa altxa ostean, zerua oskarbi egongo da eta eguzki giroarekin igaroko dugu eguna. Eguneko tenperaturan ez dugu aldaketa handirik espero behar, beroenak 5-10 ºC artekoak izango dira".
Urtarrilak 7, larunbata
"Eguraldiak ez dauka aldatzeko trazarik. Goizean goiz, behe-lainoak ohiko lautadak estaliko ditu, baina eguzki giroak jarraipena izango du eta arratsaldean goi-hodei fin batzuk sartuko diren arren, ez dute enbarazu handirik egingo. Ia edonon tenperatura zeropetik abiatuko da, baina eguerdi partean aurreko egunetan baino zertxobait gehiago igoko da: 10-12 ºC-ra kostaldean eta 7-9 ºC-ra barnealdean. Gainera ekialdeko haizea suabe ibiliko denez, eguerdi partean, eguzkitan giroa goxoa izango da".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus