EAJ: "Desiragarria litzateke konponbideen garaira etorriko balitz EH Bildu"

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 5a, 11:50

Epaileak bertan behera utzi du aurreko legealdian Gipuzkoako Aldundiak erraustegia eraiki behar zuten eraikitzaileekin lortutako akordioa. Obrak eteteko eta eraikitzaileei kalte-ordainak emateko erabakia salatu zuten EAJko eta PSE-EEko ordezkariek, eta orain arrazoia eman die Donostiako Administrazio Auzitegiak. EAJk prentsa ohar bidez aditzera eman duenez, “ebazpen judizial horrek argi erakusten ditu inposizio eta arduragabekeria politikoko estrategia batek ekar ditzakeen okerreko ondorioak, eta oinarrian dagoena da dinamika demokratikoa bahituz politika egin daitekeela pentsatzea”.

Legez kanpokoa izan zen Zubietan errauste planta eraikitzeko lanak bertan behera uztea. Indarrean zegoenez hondakinei buruzko araua, erraustegia tarteko zuena, hura betetzera behartuta zeuden erakundeak. Ebazpen hori eman du Donostiako Administrazio Auzitegiak, GHK-k eta Bilduren 2013ko erabaki haren aurka San Markoko eta Debabarreneko mankomunitateek jarritako salaketa ontzat jota. Obretako kontratuak eten egin eta 8,2 milioi euroko kalte-ordaina eman zieten eraikitzaileei —ordura arte egindako lanengatik beste 2,8 milioi ere jaso zituzten—. Epaileak bertan behera utzi du erabaki hura, eta oraingo diputazioak ohartarazi du arduradunei ezin zaiela “dohainik” atera erabaki hura hartu izana.

EAJ: "Gipuzkoako gizartearen gehiengoak ez du onartzen jarduteko modu hori"

Gipuzkoako Buru Batzarraren ustez,  "baliogabe jo den akordioak zuzenean kaltetu ditu gipuzkoar guztiak, Bilduk aldebakartasunez hartutako erabakiak 7/2008 Foru Araua urratu baitzuen eta, horrekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietako gehiengoaren borondate demokratikoa". Prentsa-ohar hau helarazi du hedabideetara:

-Epai horrek arrazoia ematen dio Debabarrena eta San Markoseko Mankomunitateek bere garaian jarritako demandari, baita Hondakinen Kontsorzioaren Asanbleako bost kideei ere, norberaren izenean inpugnatu baitzuten 2013an Biduk hartutako erabakiaren balioa, zeinaren arabera esleipendun zen UTEarekin errauskailua eraikitzeko zegoen kontratua desegin baitzuten.

-Garai hartan adierazi genuen bezala, epaiak dionez, Bilduk agintea desbideratze argia egin zuen eta hartutako erabakiekiko eskumenik gabe jardun zuen (kontratua desegin eta eraikuntza enpresei 11 milioi baino gehiago ordaindu instalazioa ez egiteagatik).

-Gaur baliogabe jo den akordioak zuzenean kaltetu ditu gipuzkoar guztiak, Bilduk aldebakartasunez hartutako erabakiak 7/2008 Foru Araua urratu baitzuen eta, horrekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietako gehiengoaren borondate demokratikoa.

-Bilduk, gainera, Hondakinen Kontsortzioren eta GHK sozietate instrumentalaren berezko helburu sozialaren aurka jardun zuen, gehiengo demokratikoaren borondatearen gainetik, bere proiektua inposatzeko Gipuzkoako erakundeak bereganatu zituen.

-Hori guztia, gainera, hondakinen arazoari alternatiba eraginkorrik emateko gai izan gabe, ez bada sistema irreal bat inposatzeko, ‘atez atekoa’, gipuzkoar gehienek arbuiatu dutena.

-Bilduk geldiarazitako azpiegiturak martxan egon behar zuten 2014rako, baina 2019a baino lehen ez da izango abiatzeko moduan instalazio berria; horrez gain, Gipuzkoak gure zaborra “esportatzeagatiko” gastuari aurre egin beharko dio. Eta hori gutxi balitz, aurreko gobernuaren arduragabekeria politikoak beste lizitazio bat egitera behartu du, eta modu publiko-pribatuaren bidez egin behar izan da, orain arteko guztiak – baliogabetzat jo den hau bezalakoak - sortu duen galera ekonomiko larriagatik.

-Ezagutu den epai horrek berretsi egiten du zuzena izan zela 2007-2011 legealdian zehar burutu zen kudeaketa, EAJ-PNVtik beti esan dugun bezala. Aldi berean, ebazpen hori sakonki aztertu beharrekoa dela deritzogu, horrek ekar ditzakeen ondorioak zeintzuk izan daitezkeen jakiteko.

-Ebazpen judizial horrek argi erakusten ditu inposizio eta arduragabekeria politikoko estrategia batek ekar ditzakeen okerreko ondorioak, eta oinarrian dagoena da dinamika demokratikoa bahituz politika egin daitekeela pentsatzea. Gipuzkoako gizartearen gehiengoak ez du onartzen jarduteko modu hori eta, ondorioz, desiragarria litzateke aurrerantzean, Gipuzkoak behar dituen konponbideen garaira etorriko balitz EH Bildu.

Ainhoa Intxaurrandieta: "Egindakoak ondo egin genituen, legea betez"

2013an, GHK-ko buru zen Ainhoa Intxaurrandieta. Berria egunkariari aditzera eman dioenez, "egindakoak ondo egin genituen. Neurriz gaineko planta bat zen; kanpoan hondakinak erosten aritu beharko genuen, eta horren froga da hurrengo proiektua askoz tona gutxiago jasotzeko egin dutela. Gelditu egin behar genuen; ez zegoen beste aukerarik.

 

Berria: Epaitegiak adierazi du legez kanpo jardun zela GHK. Zer irakurketa egin dezakezu?

Ainhoa Intxaurrandieta: Nire irakurketa pertsonala da, epaia aztertzeko ia astirik gabe egina. Orduan esandakoa berresten dut: egindakoak ondo egin genituen, legea betez. Neurriz gaineko planta bat zen; kanpoan hondakinak erosten aritu beharko genuen, eta horren froga da hurrengo proiektua askoz tona gutxiago jasotzeko egin dutela. Gelditu egin behar genuen; ez zegoen beste aukerarik.

Ingurumen diputatuak esan du zuek bazenekitela legez kanpo ari zinetela. Hala al da?

Legea %100 errespetatuz jokatu genuen. Legeak babestuta hartu genituen erabakiak.

Berria: Zein legek babestuta?

Ainhoa Intxaurrandieta: GHK-k eta enpresek sinatu zuten kontratua, eta bi aldeen adostasunez apurtu zen. Kontratua sinatzeko izan zuten legitimitate bera genuen hura hausteko, batez ere gipuzkoarrontzat kaltegarria zela frogatu ahal izan genuenean. Kalteak saihesteko eten genuen, kalte-ordain txikiena pagatuta.

Berria: Epaiak dio erraustegia ezin zela gelditu foru araua aldatu gabe.

Ainhoa Intxaurrandieta: Guk ez genuen esan erraustegirik egingo ez zenik, baizik eta planta hura ezin zela egin, zabor nahikorik ez zegoelako. 260.000 tonarako adjudikatuta zegoen, baina Gipuzkoan ordu hartan 160.000 tona errefus zeuden planta elikatzeko. Kontratua aldatu izan bagenu erraustegi txikiagoa egiteko, legeak ahalbidetzen duen %10eko murrizketa gaindituko genuke. Beraz, kontratua apurtzea besterik ez genuen.

Berria: Zigor prozedura baten beldur al zara?

Ainhoa Intxaurrandieta: Halako erabakiak boterearen aurka doaz, eta botereak ez du barkatzen. Baina, egin genuenarekin, lasai egiten dut lo nik, eta gaur egun ere gauza bera egingo nuke.

 

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.