Erraustegiaren lizitazioa bertan behera utzi dute, epaitegiek GuraSOSen errekurtsoa ebatzi arte

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 5a, 21:11

GuraSOSek Gipuzkoako Hiri Hondakinen Planaren aurka zuen errekurtsoa Euskadiko Auzitegi Nagusiak ebatzi arte, Donostiako epaitegiak Foru Aldundiari lizitazioa suspentsoan uztea agindu dio gaur. Alegia, erraustegiaren lizitazioa bertan behera geratu da oraingoz; bai behintzat, epaileak aipatu errekurtsoa ebatzi artean. Epaitegietatik heldu den azken orduko albistea baloratzeko urgentziazko agerraldia egin du arratsaldean GuraSOSek hain zuzen, Donostiako epaitegi atarian. Ondoko irudi eta bideoan dituzue argibideak.

"Hitz egin behar dugu"

Gaurkoa gipuzkoarrontzako albiste oso garrantzitsua dela nabarmen dute, azken egunotako gertakarien ostean harriduratik poztasunera igaro diren GuraSOSeko kideek. "Oso pozik gaude, justiziak garbi utzi duelako, herriaren gainetik, justiziaren gainetik ezin daitezkeela gauzak egin. Inolaz ere, gauzak egitekotan herri honetan, herritarrekin kontatu beharko da, justizia aintzakotzat hartu beharko da", adierazi du GuraSOS elkarteko lehendakari Joxe Mari Izetak.

Azken egunotako gertakariekin herritarrak agintariekiko konfiantza galtzen ari direla adierazi dute. "Eta berriro ere konfiantza hori berreskuratzeko ahalegin handi bat egin beharko dugu", nabarmendu dute. Konfiantza hori berreskuratzeko, GuraSOSen aldarri izan diren elkarrizketa eta adostasunaren bide horretara itzultzeko deia egin diote Gipuzkoako Foru Aldundiari. Eta hurrengo bilera, epaitegietan ez, Aldundian bertan izatea eskatu dute. "Berriro ere konfiantza hori lortzear, Foru Aldundiari esaten diogu, hemen ez dela konponduko. Elkartu eta hitz egin behar dugula eta hurrengo bilerak ez duela izan behar epaitegietan, Foru Aldundian izan behar du hurrengo bilerak", azpimarratu dute. Herritarrei entzun egin behar zaiela gogorarazi dute, prozesu parte hartzaile bat martxan jarri eta "gure seme alaben osasuna gehien bermatuko duen kudeaketa posible egin behar dugu".