Erregeak: "Elkarrekin partekatuz, opari guztiak guztiongana iristea da gure nahia"

Noaua Aldizkaria 2017ko urt. 5a, 20:56

"Urteroko zita honi ezin hutsik egin", zioten Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek frontoira heldu berri direnean. Urtero moduan, bidaia luzea egin dute urtarrilaren bosgarren egun honetan, Usurbilen izateko. Baina garaiz iritsi dira aurten ere. Goizean postariek bildutako haurren eskari eta gutunak jaso dituzte jada, frontoiko harrera ekitaldian adierazi dutenez. Eskaera mordoa izan omen dira aurten. "Postariak ekarri dizkigu zuek maitasun guztiz idatzitako gutunak. Zenbat eskaera aizue!", adierazi dute.

Desio guztiak betetzen ahalegindu asmo dute, baina eskari guztiak asetzeko modua izango ez dutenez, zer hobeto, daukaguna partekatzea baino. "Saiatuko gara guztien gustuko opariak bilatzen, baina badakizue, guztien nahiak ezingo ditugu guztiz bete. Elkarrekin partekatuz, opari guztiak guztiongana iristea da gure nahia. Eta gainera, elkarrekin partekatuz, opariak are ederrago direla uste dugu", Meltxor, Gaspar eta Baltasarren esanetan.

"Orain badakizue, goiz ohera"

Lanez beteriko gau luzea eta hotza, oso hoza dute aurretik. Horregatik, inoiz baino gehiago eskertuko dute frontoiko harrera ekitaldian eskatu duten jan edana. "Orain badakizue, goiz ohera, zapatak garbitu, guretzako esne beroa, gailetak eta zaldientzako belar pixka bat uzten baduzue eskertuko dugu", adierazi dute.

Haurrekin egoteko tartea hartu dute erregeek, arratsaldean Urdaiagatik abiatu eta Kalezar eta herri erdigunea zeharkatu dituen kabalgatan eta frontoiko amaiera ekitaldian parte hartu ostean. Beste hainbat eskari biltzen aritu dira, eta hain miretsiak izaten ohi diren gozokiak banatzen ere aritu dira. Gozoki zaparrada bat baino gehiago izan da gaur pilotalekuan.