Igandean eguerdian itxi zuten Usurbilgo Kaleragunea. Preso ohien hilabeteko itxialdia, haien, senide eta lagunen agerraldi jendetsuarekin amaitu zuten, Mikel Laboa plazan. Eskerrak emanez hasi zuten ekitaldia. Eskerrak helarazi zizkieten Kaleragunea babestu edota ekimen honetako kideekin hartuemanetan jarri direnei. Eskerrak baita Usurbilgo herriari ere. "Eskerrik beroenak Usurbilgo herriari hilabete osoan zehar emandako laguntzagatik eta erakutsitako jarreragatik. Sortu ahal genizkien eragozpenen gainetik Usurbilgo herriak elkartasuna eta babesa eskaini digulako. Honengatik guztiagatik doakiela gure txalo zaparradarik handiena", adierazi zuten.
Ehunka lagunek parte hartu zuten hilabeteko itxialdian, jende gehiagok egunean zehar egin diren asanblada, hitzaldi eta denetariko ekitaldietan. "Plazer bat izan da denbora honetan guztian bertaratu zareten kide guztiekin era atseginean aritzea, egunak, gauak eta hausnarketak partekatzea. Milaka esperientzia aberasgarri. Patioetako kideetako harreman estua berreskuratzea, eta ezagutzen ez genituenak ezagutzea", zioten.
Larunbaterako, hilaren 14rako Sare mugimenduak Bilbon deitua duen euskal presoak euskal herriratzea eskatzeko manifestazioarekin bat egin eta bertararatzeko deia egin zuten. "Bilboko kaleak aldarrikapenez eta maitasunez beteko ditugu", iragarri zuten.
Etorkizuneko dinamika
Agerraldi honek amaiera eman zion hilabetez Usurbilen burutu duten itxialdiari, baina argi utzi zuten moduan, "Kalera kalera" dinamika hemen ez da bukatzen. "Izan ere, "kalera kalera" etorkizuna da. Kalera irtetea eta ahalik eta azkarren guztiak kalera ateratzea du helburu. Azken batean "kalera kalera" kartzelak husteko eta bakea eta askatasuna irabazteko erronka da. Bihotzez eta konpromiso militantez askatasun eremu honetatik besarkada iraultzaile sendo bat bidali nahi diegu, kartzelan, ihesean eta erbestean diren kideei. Maite zaituztegu! Borrokak aurrera darrai! Preso, iheslari eta deportatuak, behingoz kalera!", aldarrikatu zuten txalo artean.
Amnistiaren bidean aurrera jarraitzeko konpromisoa berresteaz gain, aurrera begirako hainbat erronka finkatu dituzte. "Erronka nagusia, eremu soziala artikulatzea da eta honetara bideratu behar ditugu gure indar guztiak. Bortxazko gatazkaren ondorioen konponbide integrala helburu izango duen espazio demokratiko humanitario handi bat eratu behar da Euskal Herrian. Bere baitan euskal gizartearen gehiengoa bilduko duen espazio zabal bat. Lehenbailehen ekin behar diogu horri, urgentziazkoa baita bizikidetza eta bakea geroratzen dituzten oztopo guztiak gainditzea", adierazi zuten.
Kontsentsu berrien beharra
Horretarako ezinbestekotzat jotzen dute lehentasunezko beharrak finkatzea. "Batetik iraganerako pentsatutako politika eta legedi guztiak deuseztea. Bestetik presorik, iheslaririk eta deportaturik gabeko Euskal Herri batera eramango gaituen agenda sozial, politiko eta instituzional bat garatzea. Gaur egungo egoeran, salbuespenezko espetxe politika eta legedia aurreko ziklotik datozen zentzugabekeria handiak dira. Bizi arteko zigorra legeztatzen duen 7/2003 lege organikoa, Auzitegi Nazionala bezalako espazio judizialak, Langraitz bidea deiturikoa, edo FIJAIT bezalako fitxategi antiterrorista berriak zentzugabeak dira eta garai berriaren nahiz bakearen kontra doaz", zioten.
Horregatik, ziotenez, kontsentsu berrien beharra dago. "Horregatik, orain eta hemen, giza eskubideen alde nahiz arazorik larrienak, preso gaixoak, dispertsioa, zenbaketa bikoitza, adineko presoak konpondu beharraren inguruan lortu den adostasun zabaletik harago, ezinbestekoa da bakea eta konponbide integrala erdiestera bideraturiko kontsentsu sozial, politiko eta instituzional berria eraikitzea. Besteak beste, kontsentsu berri horiek bi helburu nagusi izan behar dituzte. Presoak era ordenatu batean kaleratzen joatea, aplikazio orokorreko baldintzapeko kaleratze aurreratuen bidez, eta iheslariak nahiz deportatuak Euskal Herrira itzultzea inolako errepresaliarik gabe. Hemen bildu garen preso eta iheslari ohiok oraindik ere kartzelan edo ihesean dauden militantzia kideak izan gara luzaroan eta konpromisoa hartzen dugu askotariko borondateak eta sentsibilitateak batzera bideraturiko dinamikak eta ekimenak gauzatzeko, enfrentamendu zikloaren konponbide integral eta justu baten bila".