Askorentzat ikasgeletara edo lantokira, egunerokotasunera itzultzeko eguna izango da astelehen hau, azken asteotako ospakizunen ostean. Egunerokotasunera itzuli arren, negu parte honetan ere ez da jai kutsuko ekimenik faltako.
Donostia Eguna, Usurbilen bezperan
Urtarrilaren 20an egun handia izango dute Gipuzkoako hiriburuan. Ohi denez, Usurbilen aurre hartu eta bezperan, hilaren 19an ospatuko dira urteroko danborradak, ikastetxeetan. Batek baino gehiagok, jai izango du biharamunean.
Santa Ageda
Larunbatez egokituko da Santa Ageda bezpera eguna. Baserritar jantziekin, koplak abestuz eta eskutan izango duten makila joz, kantu eskean irtengo dira ikastetxeetako ikasle eta irakasleak, egun horren bueltan. Oraindik deialdi ofizialik ez badago ere, herri eragileren bat edo bestek ere deitu ohi du otsailaren 4ko hitzorduren bat. Kaxkoan edo Zubietan esaterako.
Inauteriak
Otsailaren 25ean ospatuko dugu Inauteri Festa Usurbilen. Aurtengorako proposatu dizuegun gaia, ingurumena duzue. Egun horretan ez da kalejira musikaturik faltako. Mozorro festa mundiala izango da ziur. Aldaketarik ez bada, bezperan, otsailaren 24an ospatuko dute Inauteri Festa herriko ikastetxeek.
Egutegia
-Urtarrilak 19, osteguna: Donostia Egunaren bezpera. Danborradak ikastetxeetan.
-Otsailak 4, larunbata: Santa Ageda bezpera.
-Otsailak 24, ostirala: Inauteri festak ikastetxeetan.
-Otsailak 25, larunbata: Inauteri Festa Usurbilen.