"Euskal Presoak Euskal Herrira! Giza Eskubideak, Konponbidea, Bakea!" aldarripean, Sare mugimenduak larunbat honetarako, urtarrilaren 14rako Bilbon deitua duen manifestaziora joateko autobus zerbitzua antolatu da Usurbildik. Zerbitzu bikoitza; lehenengoa goizeko 11:00etan, bigarrena arratsaldeko 15:30etan. Bizkaiko hiriburura joan eta itzultzeko zerbitzua baliatu nahi duenak ordea, aurrez eman beharko du izena, ohiko tabernetan. Honatx xehetasunak:
"Euskal Presoak Euskal Herrira! Giza Eskubideak, Konponbidea, Bakea!"
Eguna: urtarrilak 14, larunbata.
Manifestazioa Bilbon: "Euskal presoak, Euskal Herrira! Giza Eskubideak, Konponbidea, Bakea!"".
Abiapuntua: 17:30etan, Bilboko Kasillatik.
Autobus zerbitzu bikoitza Usurbildik:
11:00 Oiardo Kiroldegitik. Izen ematea: Aitzaga Elkartean eta tabernan.
15:30 Oiardo Kiroldegitik. Izen ematea: Aitzaga, Bordatxo, Txiriboga eta Zendoia tabernetan.
Informazio gehiago: sare.eus
Deitzailea: Sare.
Ziklo erabakigarria
Sare herri mugimenduak, larunbateko mobilizazioa inflexio puntu garrantzitsua izatea nahi dute. "Alde anitzeko konpromisoak piztuko dituen sugar moduko bat izan dadila, bai maila orokorrean, baita maila lokalean ere. Jardun-eremu edota alor bakoitzean: lantegi, ikastetxe eta instituzioetan; kaleetan, futbol zelaietan edota saskibaloi edota pilota kantxetan… leku guztietan ikus eta entzun gaitzatela: SALATZEN DUT", adierazi zuten antolatzaileek mobilizazio honen aurkezpenean.
Urrian abiatu zuten aktibazio sozialerako ziklo berri hau erabakigarria izatea nahi dute, "bai espainiar eta frantziar kartzeletan giza eskubideen errespetua lortzera begira, nahiz gatazkaren eta bere ondorioen konponbidean aurrera egitera begira ere. Horretarako, jendarte guztiari eginiko deialdian berresten dugu. Eragile sozial, politiko eta sindikal guztiei, instituzioei, eta oro har, pertsona orori. Esfortzuak bikoizteko, borondateak gehitzeko eta ibilbide orri komuna partekatzeko deialdia da. Ideologien eta alderdikerien gainetik".
Hainbat aurpegi ezagunek babestu dute mobilizazioa, tartean, Joan Mari Torrealdai herritarrak. Hemen duzue atxikimendu zerrenda osoa: U14, atxikimenduak