AIZU AEKren aldizkariak aurreratu berri du, udaberri honetan ospatuko den 20. Korrikaren ibilbidea. Gogoan izan, euskararen aldeko lasterketa martxoaren 30ean Otxandion hasi eta apirilaren 9an amaituko da Iruñean, "Batzuk" aldarripean.
Hilabeteotan, ezagutu dugu zer nolako itxura izango duen Korrikaren materialak, "Zirkorrika" abestia ere aurkeztu dute (ondoko bideoan duzue), Korrikaren mezua eta omenduak nortzuk izango diren ere bai... Astelehen honetan ibilbide osoa plazaratu dute antolatzaileek. Egunez egun, minutuz minutu, nondik eta noiz igaroko den 20. Korrika. Euskal Herria alderik alde, herriz herri zeharkatuko duen lasterketa apirilaren 4an, asteartearekin helduko da Usurbila. Oraingoan gauez; 23:39an. Lasarte-Oriatik (22:41) barrena sartuko da martxa Zubietara, handik Usurbila etorriko da. Eta gero, Aginagatik barrena Oriorako (00:42) bidea hartuko du.
Honatx ibilbide osoa: 20. Korrika, ibilbidea
Korrikaren aldeko materiala salgai
Euskararen aldeko lasterketa gu guztion laguntzaren beharrean da. 20. Korrikaren materiala salgai dute jada Etumeta AEK euskaltegian; sudaderak, kamisetak, lepokoak, agendak, giltzarriak… Astelehenetik ostiralera, 09:00-12:00 artean edo 16:00-19:30 artean gerturatzen bazarete eskura dezakezue materiala. Ez ahaztu bestalde euskaltegira gerturatuta, Korrika Laguntzaile izan gaitezkeela. 12 euroren truke, Korrika Laguntzailearen pina, urtarriletik aurrera Euskal Herriko ehunka komertziotan beherapenak izatea ahalbidetuko dizun Korrika laguntzaile txartela eta txartela onartuko duten komertzioen zerrenda dakarren katalogoa jasoko duzue.
20. Korrikako mezua eta omenduak
Informazio gehiago: korrika.eus