Gipuzkoa Zutik mugimenduak sare sozialen bidez aditzera eman duenez, herritar talde batek Donostialdea eta inguruko herriotako udal erregistroetan, tartean Usurbilgoan, dokumentu bat aurkeztu du. Erraustegiak gu guztion poltsikoetarako dakartzan zorpetzearekiko kezka adierazten dute herritarrok, aipatu idatzi honetan. Urte amaieran, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak etxez etxe, postontzietan banatu zuen eskuorriak eragindako kezkak bultzatu ditu, urrats hau ematera. Hain zuzen, eskuorri hartan, erraustegiak ekarriko dituen ondorio ekonomiko larriez ohartarazten zen. Gipuzkoako herri bakoitzak hurrengo 35 urteotan ordaindu beharko duen dirutza zehazten zuen. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak argitaraturiko datuen arabera, ia 9 milioi euroko kostua eragingo die usurbildarrei.
Gai honek zalantza eta kezka ugari sortu dizkio herritar talde honi eta udaletara jotzea erabaki du. "Herritar talde bat Donostialdea eta inguruko herrietako udal erregistroetan eskaera bat sartzen ari da, bertako alkateei zuzenduta. Azken egunetan jasotako informazioak kezkatuta, hau da, udalerri bakoitzak erraustegia eraiki eta kudeatzeko 2051. urtera arte zenbat ordaindu beharko duen ikusita, zuzenean udalera jotzea erabaki dute beren ezinegona adieraztera. Donostian, Hernanin, Errenterian, Usurbilen,... sartu dute dokumentua dagoeneko!", ohartarazi du Gipuzkoa Zutik mugimenduak.
Herritar talde berak, deialdi hau zabaldu eta beste udalerrietan ere dokumentua erregistratzeko gonbita luzatu du.
DOKUMENTUA HITZEZ HITZ
Honela dio herritar talde honek, hainbat udaletan, tartean Usurbilgoan, aurkeztu duen dokumentuak:
"Iritsi zait eskuetara informazio oso kezkagarri bat Errausketaren Aurkako Mugimenduak zabaldua Zubietan Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GHK hondakinen kontsortzioak Donostiako Udalaren baimenarekin eraiki nahi duten erraustegiaren ondorio ekonomikoez.
Honela dio informazioak:
“Erraustegia = ruina: Gipuzkoako udalak zorpetuta 2051 arte
Zubietako Erraustegia egiteagatik, GHK eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariek abenduaren 27an kontratista pribatuen esku utziko dituzte Gipuzkoako hondakin guztiak 2051 arte.
Agintariek aitortu dutenez, 35 urtez 1.500 milioi euro pagatuko dituzte gipuzkoarrek beren zaborrak erretzeagatik. Eta hori, kontuan hartuta orain obra guztien 1. fasea kontratatuko dela, ondoren etorriko dira gehiago. Hemen aurkezten dugu herri bakoitzak ordainduko lukeena... azkenean kostea 1.000 milioi eurotan geratuko balitz. Kostea 1.500 milioitaraino joanez gero, bider 1,5 egin beharko da.
Kontratuak honela blindatzen ditu Errausketaren konpainiak eta lotzen gaitu gipuzkoarrok:
- Udalek ezingo dizkiote hondakinak beste inori saldu edo eman, ezta askoz prezio edo sistema hobeak aurkituta ere.
– Udalentzat zor horren ordainketak lehentasuna edukiko du beste edozein gasturen aurretik, berdin dio gastu sozial edo beste
– Udalen batek zorretan baleuka zaborren kontratistekiko kuotaren bat, Diputazioak deskontatuko dio bere diru-iturrietatik.
– Udalek ezingo dute aurrekonturik onartu baldin eta GHK-k ez badu segurtatzen errausketaren urteko ordainketak lehentasunez lotuta daudela.
– Kontratua firmatutakoan, udalen batek GHKtik irten nahi badu, pagatu beharko dio 2051 arte erraustegiagatik onartutako kostua eta alde egiteagatik beste udalei eragindakoak.
- Gipuzkoako udal guztiek urtero ordaindu beharreko kuota ia-ia “eskotean” izango da, %85 biztanleen arabera,%15 bakoitzak sortzen duen zaborraren arabera:hondakin gutxien sortzen dutenek proportzioan askoz garestiago pagatuko dute”.
Aipatu idatzian zehazten da udal bakoitzak datozen 35 urteetarako (2051 urtea arte) bere gain hartuko duen zorra, nire ustez eta ziurrenik herritar gehienen ustez, guztiz zor ez-legitimoa izango dena, hondakinak hobeto, garbiago, osasuntsuago eta merkeago kudeatzeko alternatibak Gipuzkoan badaudela demostratuta dagoelako.
Horregatik, jakinik hondakinen kudeaketa Udal honi dagokion eskumena dela, Udal hau GHKren erabakietan partaide dela Mankomunitate baten bidez, Udalak bere borondatez hartzen duela parte Mankomunitatean eta honi borondatez dauzkala utziak aipatu hondakinen kudeaketaren eskumenak, horren guztiaren aurrean, hona nire galderak:
1- Zu buru zaren Udal horrek ekitaldi publikoan kontratu hori onartu edo errefusatzeko erabakirik hartu al du?
2- 2051 urte arteko kontratu hori eta herritarrontzako bezala udalarentzako dauzkan ondorio larriak onartzeko edo errefusatzeko eztabaidarik eta erabakirik egon bada, gai larri honen inguruan zein iritzi azaldu dute Udalean dauden alderdi eta ordezkari politikoek, eta zein agiritan daude argitaratuta?
3- Udalak ohartarazi al ditu herritarrak prentsa edo bestelako hedabidez 2051 arte lotuko dituen kontratu horren ondorio eta xehetasunez?
4- Udalean aztertu duzue hondakinen kudeaketa berriro ere udalaren eskura pasatzeko aukera? Aztertu duzue zein eragin eta ondorio izango lituzkeen hondakinen kudeaketa udalaren eskumenera itzultzeko aukerak?
Zure arreta eskertuz, erantzunaren zain geratzen naiz".