Jatorri eta sentsibilitate ezberdineko aurpegi ezagunek Sarek larunbaterako Bilbon deitu duen manifestazioarekin bat egin eta "Euskal Presoak Euskal Herrira! Giza Eskubideak, Konponbidea, Bakea!" aldarripean bideratuko den mobilizazioan parte hartzera deitu gaituzte. "Datorren urtarrilaren 14ean, egin bidea gurekin", gonbidatu gintuzten hilaren 5ean Bilbon egin zuten agerraldian. Tartean zen usurbildar bat; Joan Mari Torrealdai. Albiste honi atxikitako Sare mugimenduaren bideoan adierazi duenez, "Sarek deitutako Bilboko manifestazioan izango naiz urtarrilaren 14an, euskal preso politikoen egoera salatzeko".
Torrealdai, beste hainbat aurpegi ezagunekin batera urtarrilaren 5ean Bilbon egin zen agerraldian parte hartu zuen. Lagun guztiok adierazi zutenez, "hurrengo urtarrilaren 14ean, Bilboko kaleak berriro beteko ditugu. Ez dugulako gure izenean inork, pertsona, instituzioek edota gobernuek, zigor injustu eta gizagabeak ezartzen jarraitzerik nahi. Hau guztiontzako deialdia da. Giza Eskubideen defentsa, giza eskubide guztiena, alderdikerien eta ideologien gainetik dagoela uste dutenentzat. Zure babesa eskatzen dugu. Zure partaidetza manifestazioan. Hainbeste biolentziek eragindako sufrimendua ahaztu gabe, guztion artean sufrimenduari ateak ixten, eta esperantza eta elkarbizitzari irekitzen lagundu behar diogulako", adierazi zuten.
Badakite zertaz ari diren. "Gure herrian egon diren biolentzia ezberdinen biktimak gara. Lehen pertsonan sufritu dugu, eta horregatik, ez dugu nahi, beste inork guk sufriturikoa sufritzerik. Horregatik gaude hemen, ez errepikatzea bermatu asmoz, eta gure apaltasunetik konpondu gabeko zereginetan lagundu asmoz. Eta horietako bat, giza eskubide guztiak errespeta daitezela da, preso diren pertsonenak ere. Urrunketa politika, larriki gaixorik diren presoen egoera, zigorren batuketa eza… beraien eskubideak errespetatzen ez direnaren adierazleak dira", gogorarazten dute.
Preso eta senideen eskubide urratzaile den espetxe politika mantendu nahi dutenen aurrean altxatu eta "konponbide eta bakerantz aurrera egitea, oztopatu nahi duen konfrontazioan oinarrituriko jarrera politikoa salatzen dugu".
Hemen duzue Sareren larunbateko manifestazioarekin bat egin duten aurpegi ezagunen atxikimendu zerrenda osoa: U14, atxikimenduak
Autobus zerbitzua, Bilboko manifestaziora
Eguna: urtarrilak 14, larunbata.
Manifestazioa Bilbon: "Euskal presoak, Euskal Herrira! Giza Eskubideak, Konponbidea, Bakea!"".
Abiapuntua: 17:30etan, Bilboko Kasillatik.
Informazio gehiago: sare.eus
Deitzailea: Sare.
Autobus zerbitzu bikoitza Usurbildik:
11:00 Oiardo Kiroldegitik. Izen ematea: Aitzaga Elkartean eta tabernan.
15:30 Oiardo Kiroldegitik. Izen ematea: Aitzaga, Bordatxo, Txiriboga eta Zendoia tabernetan.