Aitortu beharrean aurkitu da azkenean Gipuzkoako Foru Aldundia; GuraSOSek urtarrilaren 5ean, Donostiako epaitegi atarian adierazi bezala, erraustegiaren lizitazioa suspentsoan dagoela, EAEko Auzitegi Nagusiak guraso taldeak aurkeztua duen errekurtso bat ebatzi arte. Prozesu honek gutxienez hilabete atzerarazi dezake erraustegiaren lizitazioa, hala adierazi du Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak, nahiz atzerapena hitza aipatzea saihestu eta "impasse" egoeran gaudela adierazi nahi izan duen.
Hilabete hau, lanak egin asmo dituzten enpresen txostenak aztertzeko baliatu nahi dute. Bestalde, aurreko legegintzaldian Bilduk zuzentzen zuen foru gobernu taldeak erraustegiaren lizitazio kontratua eteteko hartutako erabakia bertan behera utzi du Donostiako epaitegi batek. Lasak iragarri duenez, Aldundiaren zerbitzu juridikoak auto judizial hori aztertzen ari dira, aurreko Foru Aldundiko kudeatzaileei erantzukizunak eskatu edo ez egiaztatzeko. PSE-EEk gai honen inguruko ikerketa batzorde bat osatzea ere proposatu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Lizitazioa bertan behera, epaileak erabaki arte
GuraSOSek Gipuzkoako Hiri Hondakinen Planaren aurka zuen errekurtsoa Euskadiko Auzitegi Nagusiak ebatzi arte, Donostiako epaitegiak Foru Aldundiari lizitazioa suspentsoan uztea agindu zion urtarrilaren 5ean. Alegia, erraustegiaren lizitazioa bertan behera geratu da oraingoz; bai behintzat, epaileak aipatu errekurtsoa ebatzi artean. Epaitegietatik heldutako azken orduko albistea baloratzeko urgentziazko agerraldia egin zuen arratsalde berean GuraSOSek hain zuzen, Donostiako epaitegi atarian.
"Hitz egin behar dugu"
Honakoa gipuzkoarrontzako albiste oso garrantzitsua dela nabarmendu zuten, azken egunotako gertakarien ostean harriduratik poztasunera igaro diren GuraSOSeko kideek. "Oso pozik gaude, justiziak garbi utzi duelako, herriaren gainetik, justiziaren gainetik ezin daitezkeela gauzak egin. Inolaz ere, gauzak egitekotan herri honetan, herritarrekin kontatu beharko da, justizia aintzakotzat hartu beharko da", adierazi zuen GuraSOS elkarteko lehendakari Joxe Mari Izetak.
Azken egunotako gertakariekin herritarrak agintariekiko konfiantza galtzen ari zirela adierazi zuten. "Eta berriro ere konfiantza hori berreskuratzeko ahalegin handi bat egin beharko dugu", nabarmendu. Konfiantza hori berreskuratzeko, GuraSOSen aldarri izan diren elkarrizketa eta adostasunaren bide horretara itzultzeko deia egin zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari. Eta hurrengo bilera, epaitegietan ez, Aldundian bertan izatea eskatu zuten. Herritarrei entzun egin behar zaiela gogorarazi zuten, prozesu parte hartzaile bat martxan jarri eta "gure seme alaben osasuna gehien bermatuko duen kudeaketa posible egin behar dugu".
“Abenduaren 27an ez zen lizitaziorik izan”
Abenduaren 27an ez zen erraustegia eraiki eta kudeatzeko kontratua esleitu, esleipen hau gauzatu aurretik egin beharreko tramite bat baino ez zuen onartu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK), GuraSOSek jakitera eman duenez.
Dossier bat plazaratu du guraso taldeak. Bertan, erraustegiaren proiektu honi loturiko irregulartasunak agerian uzten ditu. Ondorio argi batera heldu da GuraSOS. "Proiektu hau guztiz bideraezina da eta ez da gauzatuko", ohartarazi dute.