Azken bi hilabeteotan egin gabekoa bota du bi egunotan. Orduotako euriteen eraginez Oria ibaiak asteazken eguerdi honetan zuen itxura duzue ondoko irudietan. Indarrez zetorren, oso goian. Bere bidetik, baina gainezka egiteko askorik ez zitzaion falta. Badirudi ordea, eguraldi iragarpenaren arabera behintzat, egoerak ez duela okerrera egingo. Euri gutxiago egingo omen du eta, hurrengo orduetan. Ostiralean berriz euri kontuak eta elurra. 500 metrotan ere zuritu omen dezake:
Urtarrilak 11, asteazkena
"Asteazken honetan giro goibelarekin jarraituko dugu. Euria izango dugu hizpide berriro, batez ere goizean eta iparraldean; arratsaldea aurrera joan ahala euria gero eta urriagoa izango da. Ipar-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da, batez ere kostaldeko zenbait lekutan eta Ebro ibarrean. Tenperaturak gora egingo du eta maximoak epelagoak izango dira".
Urtarrilak 12, osteguna
"Ostegunaren lehenengo partean ateri eutsiko dio ziurrenik, baina arratsaldetik aurrera euria egingo du berriro. Goizaldean eta goizean goiz hego-mendebaldeko haizea ibiliko da eta ez du euririk egingo; zeruan ostarte batzuk agertuko dira gainera. Arratsaldean, ordea, haizea ipar-mendebaldera aldatuko eta euria egiten hasiko du; gauean egingo du ugariago eta orduan baliteke elurra egitea 1000 metro inguruan. Tenperatura maximoek gora egin dezakete, hala eta guztiz ere".
Urtarrilak 13, ostirala
"Ostiralean euri kontuekin jarraituko dugu eta bai tenperatura bai elur-kota jaitsi egingo dira. Hodeiak ugari beste behingoz, zerua estalita egongo da eta euria sarri egingo du. Tenperaturak nabarmen egingo du behera eta ipar-mendebaldeko haizea indartu egingo da; giroa oso ezatsegina izango da, beraz. Tenperaturaren beherakadarekin, elur-kotak ere behera egingo du; goizaldean 1000 metro inguruan egongo da, baliteke goizean 700-800 metrora eta egunaren amaieran 500 metrora jaistea".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus