Itxi berri duten Dema plazako Kaleragunean egin bezala, Sare mugimenduak larunbatean Bilbon deitu duen manifestazioan ere parte hartzera deitzen ditu herritarrak Usurbilgo EHBilduk. "Abenduan piztu dugun kandela ez dezagun itzali, eta bete ditzagun orain Bilboko kaleak", adierazi dute NOAUA!ra helarazi duten gutun honen bidez:
Kandela ez dadin itzali, orain Bilboko kaleetara!
Hilabete pasa egin du Usurbilgo Dema plazan Kaleraguneak, preso ohiek euskal preso politikoen eskubideen alde abiaturiko ekimenak. Egun hauetan ehunka preso ohik eta errefuxiatuk parte hartu dute bertan, kamiseta urdinak soinean eta etxean falta diren presoak oroituz piztutako kandelak eskuan zituztelarik. Hamaika ekimen antolatu dituzte eta txalotzekoa eta eredugarria izan da Usurbilgo herriarekin ekimen honek izan duen begirunea eta errespetua, eta, aldi berean, Usurbilgo herriak ekimen honekiko erakutsi duen begirunea, enpatia, elkartasuna eta abegikortasuna ere. Eskerrik beroenak denoi, berriro ere usurbildarrok erakutsi baitugu gure eskuzabaltasuna mota honetako ekimenekiko eta presoen egoerarengatik dugun kezka.
Izan ere, oraindik ere kezkatzekoa da, euskal jendartearen gehiengo zabal baten eskariari entzungor eginez, Frantzia eta Espainiako gobernuek ezartzen duten espetxe politika krudel honen ondorioz, euskal presoek bizi duten egoera. Euskal jendarteak bakea eta bizikidetza eraiki nahi dituen garaiotan, euskal presoak, herrikide ditugun Olatz eta Patxi bezala, ehunka eta ehunka kilometrora sakabanatuta dituzte, senide eta lagunak astebururo astebururo milaka kilometro egitera behartuz; bereziki larria da preso gaixoek pairatzen duten egunerokoa, eta hauen askatasuna ukatuz iritsi diren epaiak, Ibon Fernandez Iradi lasartearrarena kasu... Horregatik, presoen oinarrizko giza eskubideak urratzen dituen politika kriminal hau ozen SALATU nahi dugu. Eta horregatik, Bilbon larunbat honetan Sarek deituta egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi dugu Usurbilgo EHBildutik.
Ez dugu dudarik presoen afera konpontzeko eta bakea lortzeko, euskal jendarteak egiten duen lana ezinbestekoa dela, eta horretan Kalera Kalera gisako ekimenek duten garrantzia. Gure indarretan sinestu behar dugu. Gai gara. Luhusuko atxiloketen harira izan ziren manifestazio eta ekimen jendetsu eta anitzek ahalbidetu zuten "bakearen artisauak" etxeratzea. Bidea hori dela argi dugu, eta kasu honetan ere, Espainia eta Frantziako estatuak mugiarazteko eta behingoz giza eskubideak eta legeak errespetatuz, gai honetan urrats finkoak emateko herri mobilizazioak dira giltza.
Gu gara giltzarriak, gutariko bakoitzaren ahalegin eta borondatea. Abenduan piztu dugun kandela ez dezagun itzali, eta bete ditzagun orain Bilboko kaleak. Entzun gaitzaten, espetxeak hustutzeko, kaleak bete behar ditugu. Larunbatean Bilbora!
Usurbilgo EHBildu
Autobus zerbitzu bikoitza Usurbildik, Bilboko manifestaziora
Eguna: urtarrilak 14, larunbata.
Manifestazioa Bilbon: "Euskal presoak, Euskal Herrira! Giza Eskubideak, Konponbidea, Bakea!"".
Abiapuntua: 17:30etan, Bilboko Kasillatik.
Informazio gehiago: sare.eus
Deitzailea: Sare.
Autobus zerbitzu bikoitza Usurbildik:
11:00 Oiardo Kiroldegitik. Izen ematea: Aitzaga Elkartean eta tabernan.
15:30 Oiardo Kiroldegitik. Izen ematea: Aitzaga, Bordatxo, Txiriboga eta Zendoia tabernetan.