1936ko Gerran Txaldatxur guda gune gatazkatsua izan zela erakusten duten aurkikuntza berriak egin ditu Islada Ezkutatuak Lasarte-Oriako oroimen historikoaren aldeko taldeak Txaldatxurren. Talde hau egiten ari den lan itzelari esker ezagutzen goaz azken urteotan, Zubieta gain hartan bizi izandako sarraskia. Hiru lan lerro nagusi ditu Islada Ezkutatuak-ek; batetik, auzolanean Txaldatxurren ezkutatua egon daitekeena azaleratzea, gerra garaiari buruzko dokumentazioa osatzea eta garai hartako lekukotzak biltzen segitzea.
Atzo Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean, berriki Txaldatxurren bertan eginiko auzolanari esker egin dituzten azken aurkikuntzen berri eman zuten. "Abendu amaieran Asier Mendizabal Txaldatxurren ikerketa bat eginez zebilen", adierazi zuten. Eta hala, gerora, gainerako aurkikuntzak egiteko bidea zabalduko zien kantinplora bat topatu zuen. Kantinplora haren azpian, ingurua miatuz aztarna gehiago aurkitu zituzten.
Aurkikuntza esanguratsuak
Tartean, haien ustez gorpuzkinak izan zitezkeenak. Lanak bertan behera utzi eta Lasarte-Oriako eta Foru Aldundiko Udalari jakinarazi zioten. "Aranzaditik dei bat jaso dugu gaur eta 15 egun barru altxatuko dira, gure ustez gorpuzkinak direnak", berri eman zuen Islada Ezkutatuak taldeak atzoko agerraldian.
Argazki bidez erakutsi zuten Txaldatxurren egin dituzten azken aurkikuntzak. Ustezko gorpuzkinekin batera, larruzko funda bat gorputzari lotzekoarekin eta guzti, marka ezagun bateko metxeroa, Ingalaterran ekoitzitako txilibitua, garai hartako pistola indartsu bat eta proiektilak aurkitu dituzte.
Argi erakusten dute froga hauek. Islada Ezkutatuak taldearentzat, Zubieta gainean ezkutuan segitzen duena azaleratzen bada lanik oraindik, "Txaldatxurren historia zabaltzen segi beharra dago".